Hiria modernizatzeko aitzakia hartuta, Udala Bilboko hainbat zonaldetan aldaketa handiak egiten ari da. Turismoa sustatzeko ekitaldiak, nazioarteko jaialdi eta lehiaketak edota plan urbanistiko faraonikoak errealitate bihurtu dira egun txoko guztietan.
Gure auzoetan ere hainbat erreforma egin nahi dituzte, baina, beti bezala, Udalak azken unean aurkezten dizkigu proiektuak, dena erabakita dagoela. Gure errealitatearekin bat ez datorren irudia saltzen dute eta gure hitza eta erabakitzeko gaitasuna zapaltzen dute.
Egoera horri aurre egiteko erabaki genuen auzo mailako asanblada bat antolatzea, auzokideon interesak defendatzeko tresnak egituratze aldera. Lehen aldia izan zen auzo mailako asanblada bat antolatzen genuela, eta jendearen erantzuna ezin hobea izan zen: 60 lagun baino gehiago elkartu ginen auzoari eta auzokideoi eragiten dizkiguten gaien inguruan eztabaidatzeko. Aurrekaririk gabeko biltzarra izan zen, luzera begirako dinamikari jarraibidea emango diona.
Besteak beste, Udalak auzoan egin nahi dituen plan urbanistikoak, mugikortasuna, kaleko aparkalekuen arazoa, kutsadura eta auzoko ekipamenduak mahaigaineratu genituen. Jarraian, landutako gaiak eta asanbladan jasotako iritzien ondorio orokorrak azalduko ditugu.
Ibarrekolandabidea kaleko parkea
Udalak Elorrieta eta Madre de Dios ikastetxearen artean parke bat eraikitzeko asmoa du. Egungo udal-ordenantzak eraikin berri bakoitzeko hiriko eremu berdeak handitzera behartzen du. Asanbladara gerturatutakoen artean, susmo orokorra da parkearen helburua etxebizitza berri gehiago eraikitzea dela. Gainera, inguruan ortuak eta baserriak dituzten auzokide asko indarrez desjabetu beharko lituzkete.
Zorrotzako Sader fabrika
Hondakin arriskutsuak tratatzen dituzte bertan, baina ez dago neurtuta sortzen duen kutsadura. Printzipioz 2018an lekualdatuko zuten lantegia, baina eragozpen teknikoak medio, ezin izan zuten egin. Gaur gaurkoz lekualdaketa blokeo egoeran dago, ez baitago fabrika hau hartu nahi duen udalerririk. Aurreikusita dago Zorrotzaurreko plana aurrera joan ahala bertatik kentzea, baina ez daukagu baieztatzerik. Fabrikaren kea arnasten dugun auzokideon segurtasunak arriskuan egoten jarraituko du, Udalak etxebizitza eraikitzea lehenetsi duelako inguru osasungarria bermatzea baino
San Inazioko zubia
Hasierako proiektuaren arabera uharteak zazpi zubi izango zituen, orain bira murriztu dituzte. Honenbestez, mugikortasun eta trafiko arazoak aurreikusi daitezke. San Inazio eta uhartea batuko dituen zubiak lau errail izango ditu, bi ibilgailu pribatuentzako eta beste bi autobusentzako. Ikusteke dago antolaketa horri eutsiko dioten.
Osasun-etxea
Osakidetza da anbulatorioak antolatzeaz arduratzen den instituzioa. Dagoeneko, duela bi urte Ibarrekolandan beste osasun-etxe bat eraikitzea gomendatu zuen. Udalak San Ignazioko anbulatorioa lekualdatzeko asmoa dauka. Hasierako proposamena arraun-pabiloiaren gainean eraikitzea da, baina ez dago baieztapenik. Zorrotzaurre proiektuaren baitan eraikiko dituzten etxebizitzek arazoa handitzea ekarriko dute, alta, plan honen arabera, lehendabizi etxebizitzak eraikiko dituzte, eta ostean auzo-ekipamenduak.
TAO
Lortu ditugun datuen arabera, auzoan 8.565 kotxe matrikulazio daude, 6.734 garaje plaza eta 4.600 aparkaleku kalean. Emandako datuen arabera, 2.769 plaza egon beharko lirateke soberan, baina nabaria da auzoan aparkatzeko arazoa larria dela. Problema kanpotik aparkatzera datozen autoak balira, asteburuetan 3.000 aparkaleku inguru egon beharko lirateke hutsik, baina ez da horrela izaten. Zurrumurrua zabaldu da egoerari aurre egiteko Udalak 2019an TAO zerbitzua ezartzeko asmoa duela, baina oraingoz ez da ezer baieztatu.
Asanbladan parte hartutakoen artean hainbat iritzi zabaldu ziren. Batzuk TAOren alde agertu ziren, eta beste batzuek azaldu zuten zerga berriak ez lukeela aparkalekuen arazoa arinduko. Hainbatek proposatu zuten Udalak parte-hartze prozesu bat ireki beharko lukeela auzotarrokin, informazioa emateaz aparte, iritzia emateko eta erabakiak hartzeko aukerarekin eta, TAOaz gain, beste irtenbide batzuk proposatuz, esaterako, hiriaren sarreran disuasio-parkinak ezartzea.
Auzoa eta Udalaren arteko harremanak
Estatistiken arabera bilbotarron %5ak baino ez ditu Barrutiko Kontseiluak ezagutzen. Berez, kontseiluen helburua barrutien eta Udalaren arteko zubia izatea da. Kontseiluak 18 kidek osatzen dituzte, 13 ordezkari politikok eta bost batzordekidek. Azken horiek auzo elkarteetako kideak, merkatariak, auzoko eragileak, guraso edota familia elkarteak izaten dira, auzokideak era zuzenenean ordezkatzen dituztenak hain justu, baina ez dute boto eskubiderik. Gainera, Barrutiko Kontseiluan onartutakoak dagokien Udaleko sailetara bideratzen dira, eta ondorioz, ez dute eragin praktiko handirik.
Hurrengo asanblada
Dinamikak erantzun zabala izan zuen auzokideon artean. Auzoko problematiken inguruan eztabaidatu eta irtenbide komunak bilatzeko espazioa bihurtu nahi izan genuen Errondoko Auzo Etxea, eta bide horretan jarraitzeko asmoa daukagu. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 24an jarri dugu. Bertan, lehenengo asanbladan landu gabe utzitako gaiak jorratuko ditugu eta planteatutako arazoak konpontzeko ideiak plazaratzeko tartea hartuko dugu. Guztiok zaudete gonbidatuta, auzoak auzokideonak baitira.