Errondoko Auzo Etxeak bere 8. urteurrena ospatu du

Erabiltzailearen aurpegia Errondoko Auzo Etxea 2025ko mai. 7a, 09:57

Eguneko egitaraua antolatu zuten non aisia eta kirola ardatz izan ziren

San Inazio auzoko Errondoko Auzo Etxea indarrez bete da beste urte batez apirilean eta hasieratik bere aldarria izan den “auzoa berpiztu” leloa ekarri du berera, oraingoan, zeharkako modu batean. Nahiz eta urte honetan ez duten leloa erabili, auzoko eragileek eta agenteek izan dute protagonismoa aurtengoan.

Errondokoren helburua betidanik izan da sortutako espazioa auzora hurbiltzea, eta auzoa espazio horretara hurbiltzea ere. Antolakuntzatik zehazten dutenez, bide bidirekzionala sortu nahi izan dute beti, eta aurten hori izan da helburua.

 

Espazioak defendatzeko unean

Azken aldian gutxi dago ospatzeko. Etxarri gaztetxea hustu dute eta beste hainbat espazio arriskuan daude. Arrazoiak? Askotarikoak, gutxienez formalki. Hala ere, argi dago espazioen kontrako eraso hauek helburu zehatz bat dutela: gazte langileei antolatzeko espazioak ukatzea.

Horretan, tinko jarraitu dute gazteek azken boladan: politika egiteko, espazioak behar dira, eta horien defentsa aritu dira hainbat ekimenen bidez. Etxarri Gaztetxearen defentsa eta egun horietan erakutsitako tinkotasuna bakarrik horien adierazgarri dira. Nahiz eta instituzioetatik espazio autogestionatuen garaia pasatu dela saldu nahi diguten, haien ofentsibak argi eta garbi uzten digu oraindik bizirik daudela, eta bizitza horrek min egingo diola beti instituzioetan aritzen diren boteredunei.

Beraz, Errondokok gogor eutsiko dio espazio honek bere funtzioa betetzen jarraitu dezan. Era honetan auzoa hauspotzen, defendatzen, eta hasieratik esan duten bezala, berpizten jarraituko du. Espazio bezala, Errekaldeko Etxarri Gaztetxeari elkartasun osoa adierazteko aprobetxatu dute urteurrena Errondokoko kideek, baita arriskuan dauden beste espazio guztiei ere.

 

Kirola ardatz

Horretarako, urtean zehar arrakasta izan duten ekintzak hartu dituzte eta egitarau berezia antolatu dute horiek ardatz izanda. Azkenengo urteetan, boxeo izan da Errondokoren ekintza arrakastatsuena. Horren harira, eta auzokoa den Gorka Blancoren debuta aitzakia hartuta, bere entrenatzailea den Ibon Larrinagak masterclass bat eman zuen espazioan. Klasean maila guztietako kirolariak ongi etorriak izan ziren eta entrenamendu petoa ez ezik, ondo pasatzeko eta auzoan harremanak estutzeko espazioa ere sortzea lortu zuten.

Errondokok bere rokodromo propioa du duela hainbat urte, eta urteurrenerako ere espazio hori ireki zuten jendeak disfrutatu ahal izateko. Bakoitzak bere materiala eraman ahal zuen, noski, baina Errondokok materiala ere eskaintzen zuen lehen aldiz frogatu nahi zuten horientzat.

 

Musika eta auzoa elkartuz

Kirol-ekintzekin hasi bazen urteurrena, auzoko Txikia tabernan jarraitu zuen egitarauak. ‘Jamaiketako’ kolektiboak biniloen bidez eguerdia girotu zuen elizako plazan. Espazioa hustu zuten urte osoan zehar babesa eta laguntza eskaintzen duen Txikia tabernan ere urteurrena ospatzeko. Kolektiboko kideak eta auzokideak diren Ibai Etxautz eta Gonzaga egon ziren plaza alaitzen, bere beste kideekin batera.

Haien musika sesioa bukatu zenean, berriz bueltatu zen jendea espaziora. Errondoko jendez bete zen urtez urte ohikoa bihurtu den bazkarirako.

 

Urteurrenaren amaiera

Bazkaria beste behin espazioan jendea elkartzeko aitzakia izan zen, hoberena gerora etorri zelako: urteurrenari amaiera emateko, ‘La gata atada’ antzerkia ikusi ahal izan zen Errondokoko oholtzan. Antzerkian erotismoari lekua eman zitzaion, emakumeek bete zuten oholtza tabu izan den gai bati presentzia emateko. Ordu batez antzerkiak ere bere lekua izan zuen espazioan Elbira Dieguez eta Mako Gomezen eskutik.

Ondoren, ‘Begigorri Selekta’ egon zen egitarauko azken orduak musikaz betetzen eta espazioaren 8. urteurrenari agurra ematen. Lasartekoa den gazteak bere biniloak erabili zituen berriz jendeak Errondokon dantzatu ahal izateko.