uriola.eus

Justizia Ovidio Ferreira Martinentzat

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Google-en, Ovidio Ferreira klikatuz gero, COVITEren Mapa del Terror agertzen zaigu eta, ondoren, RTVE-k duen Memoria de Vida webgunea. ETAk eragindako biktimen zerrendetan agertzen da. Gaur 39 urte betetzen dira Ovidio Ferreira, Bilboko Zazpi Kaleetan, bere amari laguntzeko, egunkariak banatzen aritzen zen gaztea hil zutela. Basurtuko Ospitalean lau egun luzez egon zen koma egoeran. Aurpegian tirokatu zuen poliziaren bala batek erail zuen uztailaren 14an.

1981eko uztailaren 10eko goizaldean, Barrenkale Barrena kalean, polizia, bi ETAkideren atzetik zihoala, militanteen aurka tiroz oldartu zen. Tiroketa hartan 29 urte zituen Ovidio Ferreira Martin bi tiroz zauritua izan zen atari batetik irteten ari zela. Ondoren, Santiago plazan, 48 urte zituen Aurora Mugika Mugika auzokidea ere tiroz zauritu zuten. 

Poliziaren bertsio ofizialean oinarrituta, ETAk erail zuela aipatzen du COVITEk, baina bada garaia gezurretan oinarritutakoa argitzeko. Auzoan jakina da polizia espainola edo kalez jantzitako Guardia Zibila izan zela jarraitzen ari zirenen aurka eta gure bi auzokideren aurka tirokatu zuena, inpunitate osoz, balen traiektoria bakarrak horrela argitu baitzuen. Amnistiaren Aldeko Batzordeek mobilizazioak deitu zituzten auzoan. Oso argi zegoen polizia gezurretan ari zela.

Bihotzean Auzo Elkarteak prentsa ohar baten bidez auzokideen haserrea plazaratu zuen. Poliziaren kargak egon ziren. Plaka bat jarri zuten Ovidio tirokatu zuten lekuan bertan. Oraindik han dago, egia noiz argitu zain, justizia aldarrikatzeko.

Ovidioren amak kiosko txiki bat zeukan Santiago plazan, Bidebarrieta eta Dorre kaleak batzen dituen izkinan eta inguruko denda zein tabernetan egunkariak banatzen zituen, askotan Ovidio semearen laguntzaz. TRESA banaketa enpresako langilea zen Ovidio. Aita, ostera, Etxebarriako fabrikako langilea zen. Salamankako Espeja herritik etorritako langile familia, gure auzokide, dendari eta tabernarien artean ezagunak.  

ETAk eragindako biktimen zerrendetan aurkitzen da egun Ovidio, bertsio ofizial horrek ideia hori hedatu eta egia estali izan baitu urte luzeotan. Etxebarrieta Memoria Elkartetik ikerketa eta elkarrizketa lan bat abiarazi dugu eta egia osoa plazaratu arte dokumentazioa batzen jarraituko dugu. Hainbat testigantza bildu ditugu eta era ofizialean indar polizialen biktima gisa onartua izan dadin, lanean jarraituko dugu. Hurrengo urtean 40 urte beteko dira Ovidio erail zutenetik eta data esanguratsu horri merezi duen eran heldu nahiko genioke.

Ovidioren memoria gogora ekarri dugun bezala, estatu indarkeriak eraildako guztiena ere oroitu nahiko genuke. Oraindik ere, justizia eta egia osoan oinarritutako konponbidea bilatzen dugunontzat, memoria etorkizunerako tresna ezinbestekoa da. Euskal Herriak bere bidea egiten jarrai dezan nahitaezkoa dugu indar polizialek Herri honi eginiko kaltearen aitortza, erreparazioa eta justizia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa