Albert Mehrabianek egindako ikerketa batean ageri da igorritako mezuaren informazioaren %7 bakarrik hitzaren bidez komunikatzen dugula. Hain gutxi? Gainontzeko guztia kontzienteki edo inkontzienteki kanporatzen dugu mugimendu, postura, aurpegikera edota ahotsaren bidez. Ez-hitzezko komunikazioa da hori.
Horien artean bat azpimarratuko nuke: begirada. Izan ere, zenbat esan diguten begirada bakar batekin, edo zenbateraino sentitu dugun faltan keinu potente hori. Gure begiak karga emozional handiena daukaten gorputzeko atala direnez, eraikitzen ditugun harremanetan zeresan handia dute. Hizketan ari denari begietara begiratzen diogunean, guretzako garrantzia duela, ulertzen dugula eta bere kezkekin bat egiten dugula erakusten diogu, gugan konfidantzazko sentsazioa igorriz.
Baina agian pentsatuko duzu: kontaktu bisuala entrena daiteke? Bai! Beraz, hori da nire gomendioa. Lagun, senide eta auzokideon arteko harremanak hobetzeko hartu begiradaren indarra kontutan. Okinarekin, tabernariarekin, egunero ordu berean gurutzatzen dugun pertsona horrekin... aritu gaitezen apur batean bada ere begietara begira! Ni saiatuko naiz.