Txikienekin gaudenean, maiz azaltzen zaigu honen antzeko egoera: Omar negarrez dator, Anek aurpegian zaplastakoa eman diolako. Zer egiten dugu guk? Normalean, Omar kontsolatu eta Anerengana laguntzen dugu, barkamena jasotzeko asmoz, berriro egingo ez duela entzun, eta nola ez, musua masailean negarra isiltzeko. Hau bilakatu da jolastokietako protokolo.
Hala ere, gertaera honen aurrean helbururik al dugu? Pertsonen arteko gatazketan, enpatia oso garrantzitsua da, bestearen ikuspuntua ulertu eta bere emozio eta sentimenduekin bat egiteko gaitasuna. Baina, zer da gure jokabide “protokolarioarekin” bultzatutakoa? Barkatu hitza edukiz hustu dugu, autoritateak zigor bezala barkamena eskatuarazten diolako behin eta berriz errudun absolutuari, erruduntasun sentimenduak bide okerrean elikatuz. Hor ez dago bien arteko hurbilpenik.
Gugana jotzen dute haurrek bere erreferentzia segurua garelako. Haien arteko korapiloa askatzen eta elkar ulertzen lagunduko diegu. Biei eskatuko diegu azaltzeko zer gertatu den eta elkar entzuteko. Baina barkamena eskatzera behartu barik.
Hobeto sentitzeko zer behar duen galdetuko dio Anek Omarri, presa barik. Biek ulertu dutenean besarkada zintzoa dela... hori bai gozoa!