Gure karriketan hain integraturik dauden pankartez, kartelez eta manifestaldi jendetsuetaz haratago, mugimendu herrikoiek bestelako metodoak erabiltzen ikasi izan dute beren aldarriak kaleratzeko. Espazio komunak edukiekin betetzea ez da gauza makala, baina taldeek sorkuntzarako gaitasun itzela erakutsi dute hamarkadetan.
Garai berrietara doitzeko jendartearen aldaketa aintzakotzat hartzea izan da gakoa. Adibidez, teknologiaren garapenarekin gure komunikatzeko moldeak aldatu egin dira, edota gure lana eta aisialdia ulertzeko erak baita ere.
Ikusi besterik ez dago zein nolako tresna berritzaile eta erakargarriak sortu dituzten gure kaleetan jendea biltzeko: Uribarriko euskararen aldeko mosaiko erraldoia; Santutxun bizikleta estatikoen gainean egotearen erronka; lipdub edo grabazio jendetsuak; flashmob koreografia masiboak; eta performance edota inpaktu handiko kale interbentizoak.
Herri mugimendua aldarrikapenetan artista da eta bide berriak topau ditu eskakizunak sozializatu eta plaza eta espaloiak kolorez betetzeko. Jende eta haize berriak. Beraz, guztiontzako auzo herrikoi, euskaldun, feminista eta parte-hartzailea izatearen helburuekin bat gatozenok ez dugu aitzakiarik. Parte hartzeko hamaika moduen artean badugu tokia!