Anariren “Habiak” emanaldia aire librean egingo da

Erabiltzailearen aurpegia

Ostiralean, abenduak 17Hi(ZKI)bridoak 2021 egitarauaren azken hitzordua izango da, Habiak; Anari musikariak 2000. urtean argitaratutako disko homonimoaren inguruan ardaztuko da.

Ekitaldiak bi jarduera bilduko ditu: diskoan jasotako hamaika kantuen artelanak biltzen dituen erakusketa kolektiboa eta Habiak diskoaren inguruko Anariren elkarrizketa musikatua.

Anariren emanaldia 19:30ean hasiko da, Euskararen Etxearen aurrean dagoen plazatxoan egingo da, aire librean. Hartara, ekarri salda-termoa eta artilezko galtzerdiak. Elkarrizketa musikatu formatuan egingo da: Anari bakarka arituko da eta saioa Amaia Arakistain Arrietak gidatuko du.

Halaber, arteerakusketa 18:30ean inauguratuko da, eta ikusgai egongo da abenduaren 31ra arte. Erakustetan 11 artistaren lanak ikusi ahalko dira: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi.

Oharra: Emanaldira etortzeko ez da gonbidapenik beharko; beraz, gonbidapena lortu zutenei ez zaie lekua gordeko. Plazan guztiontzat lekua dago.

Ekitaldi hori Booktegi plataformarekin lankidetzan ondu da.