Berrabiatu egin dira euskara-mailak egiaztatzeko prozesuak

HABEk berrabiatu egin ditu COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz behin-behinean atzeratu ziren euskara-mailak egiaztatzeko prozesuak

HABEk berrabiatu egin ditu COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz behin-behinean atzeratu ziren euskara-mailak egiaztatzeko prozesuak. B2, C1 eta C2 mailen kasuan, euskaltegietako ikasleen lehen deialdirako matrikulazio-epea maiatzaren 25etik 31ra izango da.


C1 maila egiaztatzeko lehen deialdi irekia ere egongo da, eta horretarako matrikulazio-epea maiatzaren 18tik 24ra izango da. Bide batez, gogoratu deialdi bakar batean egin daitekeela matrikula: euskaltegietako ikasleen deialdian parte hartzen duenak ezin du deialdi irekian ere parte hartu, nahiz eta beste maila batean izan.


Euskaltegietako ikasleen lehen deialdiko idazmen-proba BECen (Barakaldo) egingo dute azterketari guztiek, ekainaren 15etik 18ra (aurrerago zehaztuko dira egunak eta orduak). Entzumen-, irakurmen- eta mintzamen-probak konbalidatu egingo dira, euskaltegian egindako ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz.


C1 maila egiaztatzeko lehen deialdi irekiko irakurmen- eta idazmen-probak BECen (Barakaldo) egingo dituzte azterketari guztiek ekainaren 12an eta 13an. Entzumen- eta mintzamen-probak hiru lurraldeetan deituko dira, uztailaren 20an eta 21ean.

A1, A2 edo B1 mailei dagokienez, 2. garaiko agiriak eskuratzeko prozedura behin-behinean eten zen martxoan. Prozedura horiek berrabiatu eta 3. garaiarekin batera, ekainean, gauzatuko dira. Ondorioz, atzeratutako epealdian euskaltegian egiaztatu duten ikasleen agiriak uztailaren 30ean luzatuko dira.

Ebazpen berria eta informazio guztia HABEren webgunean dituzu, hemen.

Dena den, zalantzarik izanez gero gure bulegora dei dezakezu (94 423 7591).