Uda zen oraindik Ramon Barea eta 6. Pabilioko lagunekin ‘Fausto, ciudadano ejemplar’ izango zenaz berba egiteko bildu ginen lehen egunean. Iraileko egun eguzkitsu goxo horietakoa zen. Proposamen sinple bezain konplikatua egin zidaten: antzezlan bat muntatzea bertan, ondo legokeela XX. mendeko klasikoren bat, baina, tira, aukeratzeko libre. Deustuko erriberatik zazpi kaleetarako ibilalditxoa ordu pare luzean egin nuen, arratsalde eguzkitsu goxo horretaz errekaren ondoan gozatzen nuen bitartean buruari eraginez. Eta egun horretan ez, buelta asko eman eta gero etorri zen Fausto sortzearen ideia; Mikel Losada eta Lander Otaolarekin batera duela lau urte egin genuen saiakera hura berreskuratu eta gaur eguneratzearena, XVI. mendeko Marlowe-ren testua abiapuntu harturik.
Iraileko egun eguzkitsu horretan, ordea, argi neukan Patrol Destroyers-ekin lan egin nahi nuela, Dj Cremoso ezagutu bezain pronto sekulako konexio artistikoa eta humanoa izan baikenuen. Gauza bera gertatuko zen gero berak proposatuko zuen Endika Lahaine MC-arekin. Katea, haria, konexioa betetzen zihoan. Taula gainera ere bildu genituen Miriam K. Martxante eta Diego Perez, lanari arima, bihotza eta ardura jarriko ziotenak, sarea sendotuz, taldea babestuz. Anabasa zirudien hura amaraun eztitsua bihurtzen joan zen. Zigor Gorostiolaren argiak jarriko zion behar genuen beroa eta kolorea.
Eta, horrela, fabula batean bezala, uste dut asmatu genuela konexioekin, sareekin, artistiko zein humanoekin. Edozein sorkuntza lan egiteko, erraietatik ateratako izatea nahi badugu behintzat, ezinbestekoa baita zentzu eta modu guztietako konexio zintzo eta askea. Taldea osatzen duen oro libre eta parte sentitu behar da, elkarrekin arraun, bide berean hegan, helmugarantz batera ibili, baina horizontalki beti, bertikalki edonor erortzeko arriskua baitago beti. Horretarako ere, ezin leku egokiagorik, sortzaileek eta ikusleek kudeatutako espazio librea baino: arte eszenikoak biltzen dituen 6. Pabilioia.
Zerbait kontatzeko sekulako beharra genuen taldea osatzen dugu denek; Faustoren mitoa gaur egunera ekarriz (Faustok bere arima deabruari saldu beharrean, Demokraziari saltzen dio) eta modu horretan, nola bizi garen, itota non gauden, jendarte honetan nor eta zer garen irudikatu dugu. Bazirudien, bai, gure ideal edo ametsetan komunitate utopiko bat irudikatzen genuela. Baina azkenean, eta kasualitatez agian, horixe izan da sormenaren inguruan sortu duguna: komunitatea. Lengoaia artistiko ezberdinak biltzen dituen komunitatea, independentea, beti elkarrengandik eman eta jasotzeko prest dagoena. Hitza, musika, mugimendua eta irudiak libre nahastu dira komunitate honetan, sortzaile eta diziplina ezberdinen arteko muga guztiak hautsirik, espazio berrietara hegan eginez.
Ez gara nahi dugu munduan bizi, baina bizi garena da. Horri oihu egiteko, bertan itsu ez bizitzeko, sortu genuen ‘Fausto, ciudadano ejemplar’. Sormenak eman digu itxaropena, antzezlanean ikusten den bezala, itxuran aspaldi galduta genuen itxaropena. Sortu genuen komunitate artistiko eta kasual horren emaitza ikusteko aukera baduzue oraindik Deustuko 6. Pabilioan martxoaren 21, 22, 23, 28, 29 eta 30ean. Eta apirilean beste egun pare batean. Beharbada istorio ederrek behar duten bezala gainera, orduan bukatuko dugu, komunitate utopikoa bolada batez desegingo baita, unerik egokienean berriz bildu eta sormenari eragiteko.