Biderkatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Calvo Fernandez 2017ko eka. 27a, 09:30

Zaloa Ipiña / BilboArte fundazioa

Arteaz gozatzeko –edo ez gozatzeko– aukera ezberdinak eskaintzen dizkigute hiri honetako txoko ezberdinek, eta badirudi ekainean biderkatzen direla: Okela Sormen Lantegian Erlea Maneros, Oier Iruretagoiena eta Irantzu Yaldebere eduki ditugu Bakea erakusketan bakoitza bere proposamenak botatzen. Hiru artista hauen piezak ikusita, kontaketa berri eta pertsonalagoak deskubritu ditzakegu, kultura eta adostasun sozialaz haratago daudenak.

BilboArte fundazioan Zaloa Ipiñaren erakusketa aurki dezakegu: Ikus esparru zabalduak. Kasu honetan, artistak bai espazioaren kontzeptuekin bai honen mugekin jolasten du. Berak planteatzen duen bezala, “ez al da kanpoko paisaia nire etxearen hondo dekoratiboan bilakatzen?”. Artistak egindako galdera honen, beste batzuen, eta ikerketa baten emaitza den lana ikustera pasatzeko aukera dago ekainaren 28ra arte. 

Oraingoan Bilborocken, ekainaren 28 eta 29 bitartean Degeneradak 4a, Histeria Kolektiboak antolatutako –eurek dioten moduan– artista, pentsalari eta olerkari lesbiana, feminista, migratu, beltz, sudaka, kuir, transen eta beren aliatuen topaketa izango da. Jarduera oso ezberdinak eskaintzen ditu dagoeneko interneten topa dezakezun egitarau zabalak. 

Beharbada, beti ez dugu gozatuko, baina aspertzeko aukerak ere ez dira asko izango. Eta apuntatzen dugun guztira heltzeko, gu izango gara azkenean biderkatu beharko garenak.