Eta zer hobe musikaz lagunduta baino? Bada, irailaren 24an, ZAWPen MUME deitutako musika merkatua egongo da. Bertan instrumentuak, diskoak, CDak eta beste hainbat gauza salgai egongo dira; eta ez hori bakarrik, musikaz zuzenean gozatzeko aukera ere edukiko du bertara hurbiltzen denak!
Aurreko egunean, irailaren 23an 17:00etan Izar Beltz Berria Ateneoan Galerna aldizkari libertarioaren aurkezpena antolatu dute. Honako hau Urazurrutia 28n izango da, eta aurkezpen eta eztabaidaz gain, pintxo beganoak eta edaria eskainiz osatu nahi izan dute plangintza.
Eta eskapada gehiago egiteko aukera ere badugu. Izan ere, 28an 19:30ean Bilboarten Self identity is a bad visual system erakusketa inauguratuko da, Gala Knörr artistarena. Ez da joan aurretik espiatu ahal izateko azalpenik ageri, beraz egon daitezken zalantzak uxatzeko bertara joatea baino ez daukagu. Eta ez hori bakarrik, apur bat beranduago, urriaren 10ean Rekalde aretoan Ixone Saadabak instalazio bat egingo du erakusketa-gelan, bertan proposamen espezifikoa sortzekoa delarik. Gai hauen inguruan arituko da: gatazka, artxiboa eta dokumentua.
Beraz, aipatutakoak Bilbotik zehar mugitzeko proposamen batzuk dira. Baina beharbada batzuk hori dena xurgatzen arituko diren bitartean, lanpetuta ere ibiliko dira Deustu inguruan, hainbeste ekintza, jakintza eta ilusio eskaintzen dituen eta hain maitatua den Deustuko Gazte Lokala defendatuz eta bizitzaz betez!