Lorea Gernika Deustun

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Gaztelumendi 2015ko mai. 20a, 09:25

Lorea Gernika, andrazko bat liburua aurkeztuko du Koldo Izagirre idazleak maiatzaren 27an Donostian. Liburuko pasarte bat Deustun jasotzen da, hauteskunde egun batez.

Lapikoa

Libratu du noizbait bakartegia, lasaitu dira ilarakoak, hurrengoa sartu da eta pauso bana eman ahal izan dute. Errezel urdinaren ondoan geratu da Lorea Gernika papeleta zorrotxoan ezin sarturik, eta lerroan dauden guztiek ikusi ahal izan dute zein den andrazko honi horrenbesteko lana eman dion hautagaia. Hauteskunde mahaira hurreratu da gero zorrotxoa eta nortasun agiria esku banatan oratuta. Zerrendan ageri dela frogatu dutelarik, bozkatzeko baimena eman dio presidenteak. Paretari dauzka begiak liluran Lorea Gernikak, Deustuko umeen marrazkietara: zuhaitzak, arrainak, hegaztiak, katuak, baserriak, bizikletak...

        — Bozka emon zeinke, anderea!

        — Egun on, bai! —ametsen batetik, dirudienez.

        Bozka emateko txandaren zain gibelean daukanarengana itzuli da.

        — Aizu, zuk zeini emon behar diozu bozka?

        Herritarra, berrogeita hamarren bat urte izanen dituen luzeko langabetua, zer erantzun ez dakiela geratu da masailak sukarretan.

        — Barka egizu, anderea, bozka emotea egitate sekretua da! —deklamatu du presidenteak ozen, harro, bere rola jokatzeko egokiera profitatuz, zutundurik.

        — A, orduan itzuliko naiz bihar! —anderea delakoaren erantzuna.

        Patioko epelera egin du lasai bozketa bulegoa bihurtua duten eskolatik, presidentea, bigarrena, bokalak, apoderatuak arra bete aho lagata. Bermuta hartu behar duela erabaki dueneko, besotik heldu du neska batek. Ez du ezagutzen baina «Lorea! Lorea!» esan dio, «Arrazoia daukazu!». Barretxoa egin dio Loreak, ikara ezin gorderik.

        — Demokraziak ezin du izan egitate sekretu bat! —erantsi du neskak ozen, harro, bozka ematera datozen deustuarrek entzun dezaten.

        Presa daukala esan dio Lorea Gernikak, lapikoa sutan utzi omen du.

        Gero eta istripu larriagoak dauzka karrika zapaltzen dueneko.

__________________________________________________________________

Lorea Gernika, andrazko bat  Susa literatura