Poesia musika elektronikoaren laguntzarekin

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Gaztelumendi 2017ko mar. 3a, 08:00

Argazkia: www.2d1.eu

Paddy Rekalde idazleak dj eta musika elektroniko ekoizle batekin diskoa plazaratuko du udaberrian.

Poesia zuzenean irakurtzen duen idazlea da Paddy Rekalde. Eta orain arte ere bere liburuetako poemak musikariekin partekatu izan ditu, artistekin, margolariekin, hemen eta han.


Oraingoan Itsua dj eta musika ekoizlearekin ari da elkarlanean Durangon bizi den idazle eta irakasle deustuarra. Beat Salad kolektiboko kidea da Itsua, eta sarean Izotza eta sua poema musikaturik entzun badezakegu ere, datorren udaberrian binilozko diskoa eta cd bat plazaratuko dute lau kanturekin.

Pozik dago Paddy emaitzarekin, eta entzungarria egiten da musika elektronikoaren laguntzaz poesia bera. Ausarta da grabatu dutena, eta are ausartago jokatu beharko dute zuzeneko emanaldietan.

Udaberrian, behin diskoa kaleratuta, asmoa baitaukate errezitaldi elektronikoak emateko. Diskoko kantu eta poemak sarean ere banatuko dituzte orduan. Lan berri honetarako lau poema hautatu ditu Paddy Rekaldek: orain arte sarean entzungai dagoen Izotza eta sua, Spray, Fallen angels eta Pantera emea.

Pantera emea
 (revisited)

Pantera emeak ez du musurik ematen,

haginka eta miazka laztanduko zaitu

hasperen eta marru isilez,

ez dizu eztarri ondoko zaina ebakiko,

belarri ondora zeozer xuxurlatu

eta haren ezpainak igarriko dituzu saman,

baita haren usaina, haren adatsen ukitua ere,

orduan K.O. utziko zaitu, babesik gabe,

baina zertarako babesa, diotsozu zeure buruari,

gainean daukazu miazka eta haginka

eta horixe da nahi zenuen guztia

 

Spray, 2011, susa-literatura.eus 

Argazkia: www.2d1.eu