EUROPA ERRONKA? jardunaldiek emandakoa

Erabiltzailearen aurpegia IPES 2014ko api. 15a, 10:52

Larunbateko mahai inguruarekin amaitu genuen EUROPA ERRONKA formazio jardunaldiekin. Hemen, hitzaldi eta mahai inguru bakoitzak utzitakoaren bilan txiki bat egiten dugu. Aurrerago, jardunaldietako edukiak formato ezberdinetan zabalduko ditugu. Irakurri, entzun eta ez utzi galdetzeari!

Europaren inguruko formazio jardunaldiek bi zati nagusi izan dituzte. Lehen zatian, Europa munduan kokatu nahi izan dugu, joko zelai globalean zein paper duen, eta bigarrenean, Euskal Herrian Europak zein eragin duen aztertu dugu sektore zehatzetatik. Zati bakoitzean, hitzaldi eta mahai inguru bana izan dugu:

Europa Munduan

Iñaki Gil de San Vicenteren hitzaldiarekin hasi genituen jardunaldiak. Lehenago, GARAn argitaratutako "Europa y Zeus" artikulua irakurtzeko aukera izan genuen, baita HALA BEDI irratiko Suelta La Olla saioan egindako elkarrizketa (klikatu hitzetan eskuratzeko). Horietan bezala, hitzaldian ere, Europaren gaineko irakurketa idealistetatik ihes egiten du Iñakik. Iraultzaileari ei dagokion irakurketa materialistatik, egungo krisia aurrekoetatik alderatzen du Iñakik, honetan AEBekiko duen aparteko menpekotasuna azpimarratzeko eta hortik kokatzeko bere posizioa nazioartean. NATOren papera ere aztertzen digu, eta krisien irteera politikoa nahikoa ez denean, politikomilitarra dela beti gogorarazi. Guztiarekin, Europan nola jokatu behar den ebazteko, edozein taktikak estrategia bat behar duela azpimarratzen du, eta estrategia hori marrazteko, elementu guzti hauek kontutan hartu beharra aldarrikatzen du, argudiategi demokratizista soila arriskutsu joz.

Hurrengo larunbatean izandakao mahai inguruan, Joseba Felix Tobar-Arbuluk ikuspegi ekonomikotik kokatu zigun Europa zahar hau, BCEren kontrol publiko eza salatu eta AEBren inperialismo ekonomikoaren barnean kokatuz. Bere ponentzia ondo jasotzen dute NAIZen argitaratutako artikuluak eta INFO7n egindako elkarrizketak. Txente Rekondok berriz, ibilbide bat eginda, Europaren eredu ezberdinekin alderatzen zuen egungo abagunea eta munduko joko zelaian, Europa baino herrialde jakinek nazioartean duten jarrera kokatu zigun. Azkenik, Unai Vazquezek, latinoamerikan ALBA bezalako ereduak nondik eta zein ibilbiderekin sortu diren azaldu zigun, eta Europa duela 30 urteko latinoamerikaren egoeran egon litekeela azaldu, hots, baldintza objetiboekin, baina subjetiboak lantzeke. Finean, ekonomia ardatz duen munduko joko zelaian, AEBen mende dagoen Europa bat topatzen dugu. Kolonialismoa ahaztu gabe, baina energia baliabideak lortzeko mugatua batetik, dolarretik aske ekonomia propioa egiteko gaitasunik gabe, eta gainera, manu militari ezer inposatzeko desabantaila militar-teknologikoan. Baldintza horietan, barrukoak, europako herritarrak, esplotatzea jorratu beharreko bide ziurra dirudi, eta horrek behar bada, garaiko latinoamerikaren lekuan jar gaitzake. Haienak moduko aurrerapenak egiteko gai izango ote garen geratzen da ikusteke.

Europa Euskal Herrian

Jardunaldien bigarren zatia ostegunean abiatu genuen Nekane Juradorekin Emakumea eta Pobreziaren inguruan izandako hitzaldi eta solasaldiarekin. Goiz horretan bertan HALA BEDIko Suelta La Olla saioan egindako elkarrizketan azaltzen zuen bezala, europar testuinguraren menpe gaude eta une honetan, sektore finantzieroa da hau zuzentzen duena, murrizketen dietarekin heldu diren yankeeak. Murrizketok emakumeok ezkutuan asumitzen dituen lanetan ematen direnela eta, aurretik pairatzen duten egoera kaskarra okertu besterik ez dela egiten eta okertze honen adierazle, droga legal ezberdinen kontsumo igoera aipatzen ditu eta isilean pasatzen ari den suizidio tasa larria gogorarazi. Pobreziaren atea parez pare zabalik dugula ohartarazten digu nekanek, Eusko Jaurlaritzaren datuetatik bertatik ikusten dela biztanleen %40a dagoela behar ekonomiko larriren batekin, edo arriskuan. Gosea ere, dagoeneko 60 milatik gora ahotara heldu dela aipatu zigun.

Larunbatean ere, bizi dugun urgentzia egoera izan zen eztabaidagaietako bat. Elikaduraren ikuspegitik mintzo zen Esti Redondok hala argudiatzen zuen lehen sektorearen gainbehera eragin duten EUren politikez haratagoko dinamikak piztu beharra, eta urgentziatik ere, Karmelo Landak Europar Parlamentuan egotearen birtualtasuna azpimarratzen zuen, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa gainditzeko ate ugari zabaltzen dituelako, eta Estrasburgo bezalako epaitegietan eragitea ahalbidetzen digulako. Lehenak latinoamerikan ematen diren esperientziak bertaratuz, bigarrenak ezker abertzaleak Bruselan egindako ibilbidea oroitaraziz eta hirugarrenak, gazteriaren ikuspegitik mintzo zen Xabier Lasak, hezkuntzaren elitizazioari aurre egiteko EBrekiko desobedientziaren beharra aldarrikatuz, eztabaida bizia eta oparoa izan zen jardunaldi hauek isten zituen mahai inguruan.
Guztiarekin, gazteen aurkako polizi operazioek markatutako astean, argi gelditu zen EBren mekanismoak herritarrak esplotatzeko diseinatuak izan zirela, eta egun, esplotazio horretan sakontzeko norabidean kokatuak direla murrizketak esku batean, eta errepresioa bestean. Horrekin batera, agerian gelditu da EBk eskaintzen dituen espazioetatik badagoela Euskal Herrian demokraziarako bidea egiteko akuilurik, eta horiek baliatzea garrantzitsua dela. Gakoa, dena den, EBtik heldu diren egiturei nola aurre egitean datzala dirudi, bere egiturak baliatzetik haratago, desobedientziatik, gure beharrak aseko dituen eta burujabe egingo gaituen egitura hori nola gorpuztu. Ez dira, horretarako, hausnarketok soberan egongo...