Gose foko nagusienak Hegoaldeko herrietan zentratu arren, hemen ere gabezia handiak daude. Administrazioak ez du problematikaren gaineko kudeaketa zuzenik egiten eta horretan ari diren eragile pribatuek elikagaiak nola batu eta nola banatu ebatzi behar dute. Bitartean, gorakadan den elikadura subirautza mugimenduak ikuspegi berriak eskaintzen ditu.
Urriaren 16an eta 17an, Elikaduraren eta Pobreziaren Egunak dira. Data esanguratsu horien aurrean, GITE-IPESEK mahai inguru bat antolatu du gaur, 18:00etatik aurrera La Bolsan. RIOSeko kide eta soziologoa den Jose Ramon Gonzalez Paradaren sarrerako hitzaldiaren bidez termino globaletan kokatzeko aukera izango dugu, elikadura eskubideaz aritzeko eta elikadura larrialdien kudeaketa eredu nagusienak ekartzeko. Ondoren, Koldo Nabaskuesek gidatuta, Xabier Aierdi (Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren izenean), Luis Crovetto (Bizkaiko Elikagai Bankuko Presidente-ordea) eta Unai Arangurenek (Via Campesinako Koordinazio Batzordean europako ordezkaria) ondorengo galderei erantzungo diete mahai inguruan:
• Ba al da goserik hemen? Malnutriziorik? Zein dimentsiotaz ari gara?
• Zein da botere publikoen ardura? Nola kudeatzen da problematika eta zein da eragile bakoitzaren papera?
• Nola bideratzen da problematika hau elikadura subirautzarekin? Ba al da alternatibarik gorakadan den mugimendu honetatik?
Era berean, elikadura eta ekintza sozialaren eremuetan diharduten hainbat eragileren parte hartzea espero dute antolatzaileek eta hartara, mirkrofono irekia izango da saioaren azken atalean. Bistan da eragileon artean sor litekeen eztabaidak deialdi hau gainditzen duela, baina GITE-IPESetik zera azpimarratzen dute: “beharrezkoa da arazo zaharrei optika berrietatik begiratzea, eta behar den sakontasunarekin. Guk soilik hitz egitera enplazatzen ditugu.”