Martxoan behin betiko diagnostikoaren berri ematen genizuen eta ordutik hona datorren ikasturtetik aurrera gure egitekoak, proposamenak eta ikerketa-formazio lerroak zeintzuk izango diren lantzen gaude, eskaintza ahalik eta zabalena eta integralena izateko asmoz. Fase honek gaur, ekainak 16, arratsaldeko 18:00tan Bilboko Alde Zaharreko Bolunta Aretoan ospatuko dugun Bilkura Orokorrean izango du amaiera.
Zentzu horretan, eremu batzuk identifikatu, eta GITE-IPESeko kolaboratzaile, partaide eta lagun ugarirekin elkarlanean sakontzen ari gara. Hemen dituzue, emaitzaren lagin bat:
1.- Kartzela eta bere aterabide sozialak
Helburua da gure gizarteko delituak prebenitzeko moduak eta delituaren kontrako borrokarako beharrezko helburuak zalantzan jartzea eta berriz definitzea. Zalantzan jartze hori ezinbestekotzat jotzen dugu: batetik, egungo sistema penalak eta penitentziarioak prozesu selektiboak garatzen dituztelako; bestetik, kriminalizaziora bultzatzen dituelako gizarte-bazterketa egoeran dauden sektoreak (gutxiengo etnikoak, Europako Erkidegotik kanpoko etorkinak, errorik gabeko adingabeak, droga-menpekotasun egoeran dauden pertsonak, etab.). Horrela, pertsonen emantzipazioan lagundu beharrean, bizi duten esklusio egoera erreproduzitu eta kronifikatu egiten du.
Gai konplexua, zalantzarik gabe, baina euskal jendarteak heldu behar diola deritzogu. Zenbait aspektu jorratzeko nahia dugu:kartzelaren bilakaera historikoaren inguruko gogoeta, zigorraren kultura aztertzea, gaurko testuinguru sozialean kokatzea instituzio eta paper sozial gisa eta emakumea eta kartzelaren lanketan murgiltzeko asmoa badugu.
2.- Migrazioa eta kultura-aniztasuna
Migrazioen fenomenoa Euskal Herriko historia bezain zaharra da. Espainiako zein Frantziako estatuetatik heldu diren pertsonen fluxu tradizionalari munduko hainbat txoko eta herrialdetatik heldu diren pertsonak gehitu behar dizkiogu, Euskal Herria ez baita mugimendu hau eragiten duen mundializaziotik at bizi. Ondorioz, Euskal Herrian immigrazioa heterogeneoa eta anitza da.
Egungo euskal jendartea ezingo litzateke ulertu migrazioek egitura ekonomiko, politiko eta identitarioen sakoneko eragina kontuan izan gabe. Etengabe eraikitze prozesuan den jendartearen aurrean aurkitzen gara.
Bilboko San Frantzizko eta Uribarri auzoetan egiten ditugun gau-eskolak horren lekuko dira. Euskara, euskal kultura eta etorkinen kulturaren artean elkar ezagutza eta elkarbizitza sustatzea dute helburu eta aurrerantzean ere, protagonismoa dagokiela begi-bistakoa da.
Alta, esperientzia-pilotu bat izan dena (Otxandioko udalarekin iaz gauzaturikoa, hain zuzen ere) beste udalerri ugarirekin espresuki lantzeko (bakoitzak dituen ezaugarri propioekin, noski) proiektu aukera definitzen hasi gara. Gai honi loturik, hiru izango dira, nagusiki, jorratuko ditugun lan-esparruak:
a) Migrazioa arazo sozioekonomikotik aztertua.
b) Identitatearen inguruko hausnarketa. Bi norabidetan: batetik, datozen pertsonen identitateari eusten laguntzea eta, bestetik, bigarren identitatea (euskalduna) eraikitzen laguntzeari begira.
c) Enpatia kontzeptuaren inguruko sakonketa. Deserrotze eta errotze berriaren arteko harremanean oinarri harturik.
Hamaika kolore egitasmoarekin hartu-emanak hasi ditugu ere. Proiektu komun baterako aukerak aztertzen gabiltza eta ziur gara aurki horren isla praktikoaren berri eman ahal izango dizuegula.
3.- Nazioartea
GITE-IPESen ibilbidean Euskal Herritik haratago errealitatea ezagutzea, aztertzeko baliabideak izatea eta egoera interpretatzen jakiteko tresna bat izatea izan dugu xede.
Egun, gaurko inperialismoaren irakurketa integralari ekarpena egitea, kapitalismoari aurre egiteko erresistentzia-esperientziak sexu-genero, klase eta nazio ikuspegitik aztertzea, oraingo aldaketak aztergai izatea (Latinoamerika, Europa, Ekialde Hurbila) zein emakumeak erresistentzian dauden esperientziak azalaraztea hizpide izango ditugu.
Ikusten duzuenez, aberatsak eta oparoak izaten ari dira lan-taldeka egiten ari garen gogoetak, eta ondorio interesgarriak azaltzen ari dira.
Arratsaldeko 18:00tan Bilboko Alde Zaharreko Bolunta Aretoan, egindako lanaren konpartitze ariketa egitea proposatzen dizuegu, GITE-IPESen BIkura Orokorrean. Hortik aterako den bide-orria irailetik aurrera praktikan jartzeko. Animatu!