Ordutik mobilizazioek, kontzientziazioak... gora egin du, dudik gabe: abortuaren legearen aurkako mobilizazio masiboak, emakume taldeen eraketak, neska gazte feministen antolaketa eta indar metatzea, eraso sexistek eta injustizia patriarkalaren adierazgarri nagusienek sortu duten amorrua eta horren aurkako mobilizazioak (Feministok Prest, autodefentsa feministaren aldarria, gaueko manifestazioak...). Guzti honek eraman gaitu azken bi urteotan egindako greba feministak gauzatu ahal izatera. Urte luzetako teoria eta praktika feministen oinordekoak gara Euskal Herrian, eta 2019an martxoaren 8ko grebatik azaroko V. Jardunaldi Feministetara bidean goaz.
Euskal Herrian, testuinguru politiko berri batean gaude, urtetan gure gorputzak eta mugimendua zeharkatu dituen gatazka politiko armatuaren konponbidean, justiziaz eztabaidatzen eta estrategia berriak sortzen. Horretan, feminismotik asko dugu esateko, gogoetatzeko eta eragiteko. Feministok elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko unean gaude, egoeraren analisiak partekatzeko eta batez ere, estrategia bateratuak zehazteko. Salda badago.
Izan ere, kaleetan erakutsi dugun legez, sistema menperatzaile, patriarkal, kapitalista, heteroarautzaile, misogino... horren aurrean, eraldaketarako eta konfrontaziorako subjektu politiko nagusi gisa agertu da Mugimendu Feminista. Sistema patriarkalaren (eta berau sostengatzeko mekanismo guztien) deslegitimazio orokorra burutu dugu azken urteotan eta orduz geroztik, balio zein erakunde patriarkalekiko dagoen kontsentsu sozialaren urraketa azkartu egin da. Elkarrekin beste jendarte bat imajinatu eta erakutsi dugu: eraldaketa mugiarazteko, feministok bagarela gai, bagarela nor, eta gai izatera ausartzen garela.
Baina azken urteotako aurrerapauso nagusiena mugimenduak egindako saretze eta antolaketa deszentralizatua izan da. Euskal Herria markoa izanda, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara: talde feministak, etxeko langileen elkarteak, sindikatuak, emakume* migranteen taldeak, baserritarrak, ikasle eta gazte taldeak... Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia.
Elkargunean boteretu gara herri honetako emakume* feministak. Euskal Feminismoan aspaldi konturatu ginen elkargune horiek ez zirela helburu bat, hau da, aniztasuna abiapuntua baino ez dela. Guretzat interzekzionalitatez hitz egitea, elkargurutzeaz hitz egitea da. Feminismo dekolonialatik ikasi dugu norberaren kokapenaren garrantzia, izan ere, kokatzea funtsezkoa da posizio hegemonikoetatik askatzeko. Itziar Gandariasek dioen legez “intersekzionalitateak erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula eta kokaleku horrek gure bizitzako aukerak eta gaitasunak baldintzatzen dituela”. Honez gain, pribilegioez eztabaidatzea ere ezinbestekoa da, pribilegioak eta zapalkuntzak osagarriak izan daitezkeen erak aztertuz. Azken batean, zapalduak eta zapaltzaile izan gaitezkeela onartzeak marko zurrun eta dikotomikoak pitzatzera garamatza. Baina pribilegio eta zapalkuntzaren teoria honek askotan identitateen borroka batera ematen gaitu, zapalkuntzen mailakatze batera eta horrek intersekzionalitatea modu oker batean ulertzera garamatza. Bilguneko kide den Amaia Zufiak dioen legez, “bakoitzak bere esperientziatik hitz egin eta borrokatu behar du, gero guzti hori elkartu eta borroka komunak eraikitzeko. Intersekzionalitateak nik zuri nire zapalkuntzaren inguru hitz egitea da, zuk niri zurearena eta ondoren guzti horrekin elkarrekin zerbait komunean sortzea da”. Horretan datza XXI. mendeko iraultzaren gakoetako bat: norberak, bere zapalkuntza posizioari erantzuteko antolatuta, subjektu politiko poliedrikoa osatzea, borrokak mailakatu gabe. Horregatik jarraitu behar dugu feminismoan antolatzen. Kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu.
Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko. Elkargurutze horietan sortuko bait dugu herri honen eraldaketarako izango den subjektu poliedriko hori. Mugiemendu Feminsitaren ikaspenetatik eta borroketatik lortu dezakegu burujabetza feministaren palanka. Finean, jendartea eraldatzeko behar horrek burujabetzaren beharra dakar. Guk argi daukagu burujabetza ez dela bulegoetan adosten, estatuetatik baino eguneroko bizitza arruntetik abiatzen dela. Egunez egun bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, bai gure gorputzen gaineko erabakietan, bai denbora eta lanen banaketan, bai aniztasunaren aitortzan edota komunaren defentsan. Bestalde, lurraldean ere sustraitzen da burujabetzaren beharra. Premiazkoa da gure lurraldean erabakitzeko ahalmena berreskuratzea botere korporatiboen zerbitzura dauden bi estatuen aurrean.
Beraz, burujabetza feministak lotura zuzena du Euskal Herriaren autodeterminazio eta aldaketa prozesuekin. Horrek herritartasun eredu berriak irekitzeko aukera dakar eta elkarren artean harremanak dituzten pertsonak bihurtzea eskubideen subjektu, eskubideak enpleguari, ezkontzari edo jatorriari lotu ordez. Mugimendu feministak baditu proposamenak, eta ezkerreko independentismoan jarduten duten-dugun eragileok baditugu desafio ez gutxi: eskuinaren gorakadak markatutako hauteskundeak, estatuetako lurraldetasun krisi eta inboluzio sozialaren aurrean burujabetzan sakonduko duen alternatiba eraikitzea, kolapso egoerara doan zibilizazioari trantsizio bat eskaintzea. Horietan guztietan, ezinbestekoak dira emakumeon* parte-hartze politikoa, oinarri feminista duen herri proiektua definitzea eta mugimendu feministaren mintzakidetza.1
Mintzakidetza horretarako, Bilbon altxor berezia daukagu mugimendu feministan. Euskal Herriko Emakume Mundu Martxaren esperientziatik, zeinetan emakume arrazializatuen interpelazio zuzen batetik bertan parte hartzen dugun eragileok jabetu ginen elkarrekin egotea ez zela nahikoa. Gure espazioetara eta ekintzetara besteei gonbidatzea ez dela nahikoa. Zentzu horretan EMM-en helburu nagusienetariko bat emakume etorkinak EMMren espazio bereganatzea izan da, beraiena ere dela sentiaraztea. Mesfidantza hori alde batera uzteko ezinbestekoa izan da denon partetik egunero kontzientzia jartzea gure esanetan eta jarreretan.2
Bilboko mugimendu feminstan martxoaren 8ko esperientziatik prozesu aski antzekoa gertatu izan da. Oinarria zabaldu da, aniztasunaren kudeaketa zentroan jarri izan dugu eta horrela lortu dugu Bizkaiko bozeramailetariko bat emakume arrazializatua izatea, zaintza lanetan zazpi egunetatik sei dabilen emakume batek euskal emakume presoen defentsan agertu izana eta mugimendua beraiena sentitu izana asanblada oro. Itziar Gandariasek, Munduko Emakumeak kolektiboko kideak, argi esaten du “hurbiltasun espazioak (hau da harreman afektiboak) ezinbestekoan izan” direla. Afektibitatearen feminismoaz hitz egiten du, aniztasunaren abiapuntutik elkargurutze politikak eman ahal izateko. Bide horretan izango da mitzakidetza zabala Euskal Herriaren burujabetza prozesurako, jabetu behar gara gainera, bide asko dugula ekiteko. Izan ere, oraindik jasotzen ditugu interpelazio asko emakume arrazializatu, trans mugimendu eta kokaleku ezberdinetatik mintzatzen diren subjektuen partetik.
Esperientzia hauek gainera, ezin dira irla bat izan. Euskal Herriko hiri, herri eta txokoetan elkargune hauek sortzera bidean esfortsu bat egin behar dugu. Emakume* anitzok gure egin behar dugu bizitza erdigunean jartzea burujabetza kontua dela, eta horretara, burujabetza horren erdigunean kokatzeak bakarrik eramango gaitu.
1 Bilgune Feministaren 2019ko martxoaren 8ko irakurketatik moldatua.
2 Itziar Gandarias, “Aliantzak, aniztasuna eta elkargurutzeak”, Jakin, urtarrila- urria 2017, 91-106 or.