Pandemia garaian egiaztatu ahal izan genuen modu dramatikoan Osakidetzaren egoera larria. Egoera hori hainbat urtetan luzatu izanak eta luzaroan egindako kudeaketa politiko eskasak ondorio latzak izan ditu: murrizketak, plangintzarik eta inbertsiorik eza, kon-tzertazioak, pribatizazioak...
Pandemiak aitzakia gisa balio izan zuen murrizketa guztiak edo osasun-arreta duinik eza justifikatzeko, baina pandemia igaro ondoren, egiazta dezakegu egoera egiturazkoa dela. Orain, profesionalen falta da aitzakia berria. Profesionalen gabezia hori ez da bokazio faltagatik izango; izan ere, urtero ikusten dugu osasunari lotutako ikasketak direla sartzeko nota handiena eskatzen dutenak, eta milaka ikasle geratzen direla ikasketa horiek egiteko aukerarik gabe. Beraz, benetazko errealitatea da osasun publikoan ez dagoela beharko lukeen inbertsiorik.
Urteetan, euskal herritarrak harro sentitu gara Osakidetzaz, osasun-sistema onenetako bat izateagatik, eta egun, babesgabetasun-sentsazio handia dugu hura desegitearen aurrean.
Gure iritziz, osasun publikorako eskubideak uniber-tsala izan behar du, eta euskal erakundeek bermatu behar dute, guretzat ikaragarri lotuta dagoelako zaintza duinak izateko eskubidearekin. Horregatik, euskal zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldeko Greba Feminista babestu genuen. osasun eta zaintza-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa behar dugu, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena.
Gora Deustu Deustuko EAG (Etengabeko Arreta Gunea) ixtea erabaki zutenean hasi zen mobilizatzen, bertako langile eta sindikatuekin batera. Ondoren, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren lehen mailako arretaren aldeko dinamikarekin bat egin genuen. Osakidetzako sindikatuen mobilizazioak ere babestu ditugu, baita osasun publikoaren aldeko herritarren plataformenak ere.
Egoera hau konpontzeko, beharrezkoa da herritarrak mobilizatzea. Hurrengoak dira gure iritziz urgentziaz hartu behar diren neurriak: lehen mailako arretarako eta espezialistentzako itxaronaldiak murriztea, gauza bera ebakuntza kirurgikoetan, aurrez aurreko arreta lehenestea, larrialdiak arintzea, EAG itxiak berreskuratzea, osasun mentala lehen mailako arretan, detekzio-programak indartzea, plantillak indartzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, pribatizaziorako joera geldiaraztea...
Deustuar guztiak gonbidatzen ditugu gure osasun publikoaren alde borrokatzera. Hilero kontzentrazio bat egiten dugu Arangoitiko “Bihotzaran” auzokideen elkartearekin, Deustuko anbulatorioaren aurrean, eta, aldi berean, kontzentrazioak egiten dira Bilboko beste auzo batzuetako anbulatorioetan. Hurrengo hitzorduak, martxoaren 14an eta apirilaren 18an, ostegunetan, izango dira, 19:00etan, anbulatorioaren aurrean. Han egongo gara zuen zain. Osasun publikoa defenda dezagun!