Duela hilabete ugari abiatu zen arren, eta aurretik egindako lanari garrantzia kendu gabe, “Gora Deustu Herria” dinamikaren epizentroa 2024ko urriaren 26an zegoen zehaztua, Bilbok Deustu indarrez anexionatu zueneko 100. urteurrenetik gertu. Urriaren 26ak hilabeteetan zehar egindako auzolanaren erakusle izan nahi zuen, deustuarrok elkarrekin egun guztiko egitarau batez gozatzeko egun handia, eta zailtasunak zailtasun ez zuen hutsik egin.
Eguna ez zen nolanahi hasi, Deustuko KM Bertikalaren bigarren edizioa izan zen eguneko lehen hitzordua. Lehengo urteko partaide kopurua gaindituta 10:00etatik aurrera Ugasko Bidetik euripean minuturo ateratzen joan ziren izen emandako 115 pertsonak; kilometro luzeko malda pikoa nork azkarrago egingo.
Parte hartzaile guztiek Berrizko gainera iritsi ondoren dutxa azkar bat hartu eta 13:00etan jada Done Petri plazan sari banaketarako elkartu zen jendea. Emakumezkoen kategorian Sara Gutierrezek aurreko urteko garaipen handia errepikatu zuen bere marka pertsonala 4 segundutan hobetuz (7:01) eta txapela eta Pare Gazte Talde Feministak babestutako saria jaso zituen Garoa Sarrionaindia eskubaloi jokalariaren eskutik. Gizonezkoetan, berriz, Jon Ander Uriondo bilbotarra gailendu zen aurreko urtean Jon Napalek jarritako marka 4 segundutan ere hobetuz (5:31). Azken hau, ezin izan zuen aurreko urtekora iritsi baina, bigarren izatea lortu zuen eta Deustu Bizirik merkatarien elkarteak emandako deustuar onenaren saria irabazi. Gaztetxoetan soilik 14 urte dituen Telmo Abia-k jarri zuen denborarik onena (6:43) jende guztia zur eta lur utziz. Eta bukatzeko, aurten berria izan den Beteranoen saria ere banatu zen. 55 urteko Gorka Elorrieta izan zen irabazle kronoa 7:32tan geldituta.
Sari banaketa bukatu eta berehala, hotz geratzeko aukerarik utzi gabe jendea dantzan jarri zuen Bihotza Alai Dantza Taldeak erromeriarekin. Esaerak dioen bezala “Dantzatzen duen herri bat ez delako inoiz hilko”. Euritan jarraitzen zuen arren, jendeak ez zuen Herri Bazkarira huts egin eta plazako teilapean kabitu ezinda egon ziren bazkarirako bonoa erosia zuten 350 deustuar inguruk. Bazkari bitartean “Gora Deustu” elkarteko kideek ekitaldi xumea egin zuten bertaratutakoei eskerrak eman eta Deustu auzolanean eraikitzen jarraitzeko deia plazaratuz.
Azkenik, kontzertuen txanda izan zen. Oinutsik erromeriak ezohiko formatu batean, bazkalostea girotu zuen kontzertua bera bingo musikatu bihurtuta. Bazkaltiar guztiak mahaietatik altxa eta dantzatzen jarri zituzten. Jarraian, Detomeitoseko rockero zaharren (edo ez hain zaharren) txanda izan zen. Beraien ohiko zale fidelez gain plaza beteta mantentzea lortu zuten. Ez ziren gutxiago izan Enbata Loradeko gazteak, beraien duinu fresko eta rollo onarekin. Eta egunari amaiera emateko HMNDIK ETXERAk zoramenaren muina ekarri zuen munduan bakarra den show juergazalearekin.
Eguraldiak ez zuen deustuar askok gorriz markatuta zuten eguna jai giro eta alaitasunean igarotzea galarazi. Urriak 26 hau historiarako geratuko den eguna izan zen. Beste behin Deustu herri bizia dela erakutsi zuen; herri nortasun indartsua eta komunitate aktiboa duen herria. 100 urte geroago Deustun herri bat bada. Gora Deustu Herria!