PREST!

Urriaren 25ean: Gora Deustu Anitza!

Erabiltzailearen aurpegia Gora Deustu 2025ko urr. 8a, 15:04

None
None

Aurreko ikasturtean Bilbok Deustu anexionatu zueneko 100. urteurrena gogora ekarri genuen “Gora Deustu Herria” dinamika herritarraren baitan. Gure helburua memoriaren bidez Deustu herriaren identitatea aldarrikatzea izan zen, komunitate balio aurrerakoi feminista eta euskaltzaleak oinarri izanda. Dinamika arrakastatsua izan zen eta auzotar askoren zein Deustuko herri-mugimendu eta elkarte ugariren parte-hartzea lortu genuen.

Bistakoa da baina, gaur egun oraindik badirela espazio horiek berezkotzat sentitzen ez dituzten Deustuko errealitateak. Jatorri eta kultura ezberdinak dituzten deustuarrekin espazio geografiko berean bizi arren, harresi bat dugula agerikoa da. Deusturen kasuan, biztanleriaren %15ari buruz hitz egiten ari gara. Haietako gehienak latinoamerikarrak dira (%72), eta gainerakoak Magrebetik (%7), Europako ekialdetik (%3,5), Saharaz hegoaldeko Afrikatik (%3) edo Txinatik eta Asiako beste herrialde batzuetatik (%4,7) etorritakoak. Gainera, pertsona migratuek diskriminazio larriak pairatzen dituzte (are gehiago emakumeak edo arrazializatuak badira), eta Europan zabaltzen ari den olatu erreakzionario arrazistak ez du egoera okertu baino egiten. Gora Deustutik eskubideen unibertsaltasunean eta pertsonen arteko berdintasunean sinesten dugu. Horregatik, eskubide horien aldarrikapena indartzeaz gainera, sozialki deustuarren artean eraikitako harresiak apurtzeko eta pausu berriak emateko garaia dela uste dugu.

Bertatik jaio da “Gora Deustu Anitza” egitasmoa, Deustuko komunitate eta errealitate anitz horien arteko elkarguneak eraikitzeko helburuarekin. Udaberrian zehar egindako harremanen eta solasaldietann partekatutako espazioen fruitu gisa, lehen ondorio bat atera dugu: jai eremua harresi horiek apurtzeko eta lotura berriak eraikitzeko gune egokia izan daiteke. Kultura eta identitatea ez dira kontzeptu iragazgaitzak. Testuinguru sozialarekin batera eraldatuz doaz (eraldatzen ditugu), eta komunitate baten bizitza sozialaren adierazpen gorenetakoa diren jai herrikoiak tresna baliagarria dira.

Ildo horretan, eta abiapuntu gisa, urriaren 25erako (larunbata) egun osoko egitaraua antolatu dugu. Lehen erronka honetan, askotariko aisialdi eskaintzaren bidez. Eguna Deustuko III. KM Bertikalarekin hasiko da. Ohiko kirol probaz gain, aurten 6 km pasatxoko mendi martxa ere izango dugu. Horrekin batera, goizean zehar umeen tailerrak egongo dira eta kultura anitzeko dantza ikuskizunez gozatzeko aukera izango dugu Done Petri Plazan. Deustun zehar egingo dugun kalejira alai baten ondoren Herri Bazkarian elkartuko gara denok. Bazkalostea igarotzeko ikuskizuna ere izango dugu eta egunari giro paregabean bukaera emateko kontzertuak: Hija del Nopal eta DJ HMNDK Etxera.

Garrantzitsua izango den egun baterako plan ederra. Urriaren 25an eman dezagun pausu bat Euskal Herri anitz honetan gure etorkizuneko Deustu herri batua, alaia eta askea eraikitzeko.

Gora Deustu Herria! Gora Deustu Anitza!

Erlazionatuak