Politikaz eta zirkuaz, argudioez eta zarataz

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Mostajo Galduroz 2018ko abe. 14a, 13:11

Ingurura begiratuta etsita beharko genukeen arren, ilusioz begiratzen diot etxeko panorama politikoari, edo behintzat, mamurik  eta beldurrik gabe. Etengabe entzuten ari naiz nire ingurukoen artean Voxekin jai izango dugula, baina nik esaten diedana da, Euskadin Voxek jai daukala.

Andaluziako hauteskunde kanpainan eta, batez ere, hauteskundeen ostean sortutako zurrunbilo mediatikoak, berehala jarri ditu agente denak Voxek hamabi  diputatu lortzearen errudun bila: batzuk abstentzioari leporatzen diote errua, beste batzuek krisi ekonomikoari, besteek immigrazioari, Ejidoko liburutegi faltekin erlazioa egin duenik badago ere eta baten batek Voxen 400.000 bozka emaileei bota die errua! Eta noski, falta ezin diren beste hainbat errudun topatu dira ere: oinordekotza frankista, komunikabideak, bakoitzaren alderdikoak ez diren politikariak, Europan sortu den ufada ultraeskuindarraren luzapena… kontua da norberak bere burua zuritzeari ekin diola etengabe, baina errealitatea poliedrikoa da eta faktore eta errudun asko dagoela argi dago.
 
Txantxetan ere irakurri izan dut nonbait Catalunyako procés-ari buruzko galdeketa izan zela Andaluzian eta zoritxarrez bai: serioski hitz eginda,  espainiar Estatu-nazioaren uniformezaletasuna ere izan da Andaluziako hauteskundeen giltzetako bat. Eta ezin dugu ahaztu, nire ustez, orain arte urteetan gobernuan egon diren alderdi ezberdindek, talde frankisten agerraldien aurrean beste alde batera begiratu izana. Orain alarmak piztea... berandu dela dirudi.
 
Ziur nago, aurreko faktore eta arrazoi guztiak azkar batean irabiagailuan sartuko bagenitu, gaurko espainiar eta andaluziar errealitatearen antzeko zaporedun  purea  lortuko genukeela, baina nire ustez, espainiar alderdiek erreparatu nahi ez dioten osagai nagusi bat falta da analisi gehienetan: Espainian ez dago kultura demokratikorik eta ez dago instituzioenganako errespeturik. Espainian akordioa lortzea, galeratzat saltzen da. Zergatik?  Logikoa den moduan, akordioa lortzeko  batzuk zein besteek,  euren proposamenaren zati bati uko egin behar diotelako eta hori, ez omen da onargarria: gehiegizko kontzesioak eskuindarrentzat, arimaren salmenta ezkertiarrentzat. Eta sentitzen dut, jaun-andreok baina  politika akordioak lortzea da. Batzuetan zerbait galtzea, irabaztea da ere.
 
Espainian, herritarren ordezkari diren parlamentariek ez diete errespeturik ez elkarri eta ezta herritarren ordezkarien eztabaidagune  den parlamentuari ere. Horrelako giroan murgilduta, nola lortuko da akordiorik? Alderdi handiek, izan ezker zein eskuin, txalometroari ekiten diote automatikoki bakoitzak bere alderdiaren interbentzioa entzutean. Beste zenbait alderdik, ordea, nolabait atentzioa deitzeko diskurtso eta era askotako keinu probokatzailez  betetzen dute hemizikloa. Badago hamar milaka herritarren ordezkari dela ahaztu eta, nartzisismoz blai, arreta bereganatzeari ekiten dionik ere.
 
Eta horrela zer? Ba parlamentuko diskurtso ideologikoa kalean islatu beharrean, politikarien keinukeriaren eztabaida ateratzen dela kalera; ustez parlamentari batek ministro bati txisturik bota dion edo ez jakiteko errepikapenei etengabe so eginez, futbol partida baten penalti baten inguruan berbetan ari bagina bezala eta hemizikloko tribunak futbol zelaiko harmailak bailitzan. Politikaz berbarik ordea? Ezer ere ez. Eta berbarik egitekotan argudiorik? Ezta ere, zarata gehien duenak baitu arrazoi, hori da telebistak parlamentuaz erakusten baitiguna. Eta horrela ikusi ohi dugu zelan abegiz eta errespetuz parlamentura posturak hurbiltzera eta akordioak lortzera joan beharrean, posturak polarizatzera eta telebistaren arreta deitzera doazela espainiar alderdiak, zaratarik handiena egiten duenak arrazoia lukeelakoan. Ideologia eta arrazoiketaren lekuan keinuak, txaloak eta zarata azken finean.
 
Euskal politikan ordea, egun hauetan, aurrekontuen eztabaida politikoak izan du arreta mediatikorik handiena: politikak, hitzak, eta argudiaketak alegia; horregatik naiz optimista inguruan dugun giroarekin alderatuta. Azkenean denok galdu dugu,  ez delako aurrekontuen akordiorik eman, baina behintzat,  eztabaida egon da eta Jaurlaritza moldaketak egiteko prest azaldu da azken unerarte. Hori da telebista eta egunkarietan entzun duguna.
 
Egia da Euskal Herriko alderdirik inpopularrena denak, Espainiako gobernua galdu zuenetik, hemengo arazoez eztabaidatzera eseri ere egin ez dela eta egia da ere, aurrekontuak PPren atzekoak zirelakoaren aitzakiaz, PPri konpainia egiten mahaitik kanpo geratu den beste alderdi bat egon dela: “ahal dugu” beharrean, “ezin dugu” edo “ez dugu nahi” deitu beharko litzateekeena. Baina behintzat, ez dute zaratarik egin. Hemen, ez da zaratarik egon, ez da keinu itsusirik egon… Legebiltzarrean eta politikan egon da atentzioa jarrita instituzioei, eta azken finean herritarrei, zor zaien errespetuaz. Espainian eta Andaluziako politikan, parlamentutik kanpo dagoen alderdi batek lortu du arreta bereganatzea eta horregatik jarri dute irabazletzat: Vox-ek lortu du zaratarik handiena egitea. Hurrengo hauteskunde orokorretarako atara kontuak.