Bada, ordea, dena emanda martxan jarraitzen duen makina erraldoi bat. Hainbeste ohitu gara haren zarata eta usainera, ez baitugu martxan dagoenik nabaritu ere egiten: erdaldunak sortzen dituen makina da, 24 orduz martxan dabilena, eta etengabe ekoizten ditu erdaldunak. Potentzia handiko makina da, gu baino askoz indartsuagoa, eta ia ezinezko egiten digu Bilbon euskaraz bizitzea.
Mekanismo ugari ditu makinak, zein baino zein sofistikatuagoak. Esate baterako, aisialdi eskaintza guztiz erdalduna plazaratzen du, bilbotarrei erakusten die ondo pasatzeko gaztelania beharrezkoa dela, edo, are gehiago, ezinbestekoa dela: kultur eskaintzan, kirol eskaintzan, bestelako ekintzetan… euskarazko aisialdia nahi duenak nekez lortuko du halakorik. Euskara ikastera animatzen direnek ere esfortzu handia egin beharra daukate, matrikulak ordaindu, klaseetara joan, lanarekin uztartu… hortik kanpo ia ezinezko egiten du makinak euskara ikasten jarraitzea edo praktikatzea. Umeen kasuan ere, makinak ez du etenik, eskolaz kanpoko eskaintza gehiena gaztelaniaz da, umeei erakusteko, helduei bezalaxe, gaztelaniaz soilik pasatzen dela ondo. Makina honek, bestalde, komunikabide sistema erdaldun oso bat eskaintzen dio bilbotarrari, diru publikoz ondo olioztatuta, informazioa eta bestelakoak erdaraz jaso ditzan, eta euskaraz zeozer nahiko balu, bere kabuz bilatu beharko luke. Hori guztia gutxi balitz, euskararen kontrako hamaika diskurtsok ematen diote errematea prozesuari. Punta-puntako teknologia darabil makinak, Bilbon euskaraz bizitzea galarazteko.
Honen aurrean, zer egin? Horixe da GUKAn geure buruari galdetzen dioguna, eta erantzuna uste baino sinpleagoa da: makina hau ikusarazi. Makina hau martxan dagoelako eta ez digulako euskaraz bizitzen uzten, makina honek gazteleraren alde egiten duelako eguneko 24 orduetan, makina honen aurrean ezikusiarena egiten dutelako askok eta ez delako posible euskararen alde egitea makina hau gelditu ezean. Eta garrantzitsuena, makina hau elikatu eta olioztatzen dutenek ardura eta erantzukizunak dituztelako.
Makina martxan da, eta guri hori salatzea dagokigu. Makina guztiek daukate, ordea, itzaltzeko botoi bat, eta ardurak dituztenei dagokie neurriak hartzea, euskararen alde egingo badute.
Guk argi daukagu: Bilbo euskaraz dator. Ekiteko garaia da, inertziaz martxan dauden mekanismoak alde batera utzi eta euskararen aldekoak aktibatu beharra dago, Bilbo berri bat etor dadin, euskaraz biziko den Bilbo bat. Zaila dirudi, bai, baina nagusienek ondo dakite Bilbo asko aldatzen dela.