Dena prest dago. 201,9 kilometroko Giza kate batek Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu hurrengo igandean. Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratuko dira eta mobilizazioaren mezua irakurriko da ibilbidearen amaierako puntu horretan.
3.000 boluntario inguruk lanean daramatzate 6 hilabete baino gehiago giza katea arrakastatsua izan dadin eta euskal herritarrek mugarri bat jarri dezaten erabakiaren bidean. Ekainaren 10ean ere beste horrenbeste eta gehiago arituko dira antolaketa lanetan. Bitartean, herriz herri eragiten ari dira, ahalik eta herritar gehien batu daitezen ekimenera. Gaur eta bihar izen-emate masiboa espero da.
Informazioa
Datu orokorrak: Astebete besterik ez da geratzen giza katerako. Gutxienez, 100.000 pertsona beharko dira katea etenik gabe osatzeko. Aurreikuspenen arabera, 1.200 autobus mugituko ditu mobilizazioak eta 3.000 boluntariotik gora arituko dira lanean ekainaren 10ean.
Izen-emateak: Milaka herritarrek eman dute izena dagoeneko. Katean lekua ziurtatu nahi duenak lehenbailehen izena eman behar du, bere herriko postuetan edo internet bidez, GEDren webgunean. Izena ematen duen parte-hartzaile bakoitzak zapia jasoko du, 5€ren trukean. Eta ekainaren 10ean zapietan idatziko ditugu gure erabakitzeko arrazoiak.
Autobusak: Giza katera bertaratzeko garraio bide nagusia autobusak izango dira. Autobusen bidez soilik bermatu ahalko du antolakuntzak, nor bere kilometroan uztea.
Ordutegiak:
9:00 Antolakuntza martxan
10:00 Parte-hartzaileak iristen hasiko dira
10:00-11:30 Giza katea muntatu eta animazioa hasiko da
11:30 Dena prest
12:00-12:30 Giza katea eta mezua nagusia
12:30-13:00 Irteera bideratu
13:30etik aurrera jai giroa Bilbon, Donostian eta Gasteizen
Zuzeneko irudiak: Giza katearen zuzeneko irudiak zabalduko ditu GEDek ekainaren 10ean. Zortzi kamera inguru egongo dira ibilbidean zehar eta bi helikoptero aireko irudiak hartzen. Youtubeko kanalaren bitartez edo satelite bidez zabalduko dira irudi horiek guztiak, errealizatuta.