Gure Eskuk burutu berri duen azken ekintza hau, “Pirinioetako Bidea”, aldiz, desberdina izan da. Batetik, katalanekin batera elkarlanean egin delako eta, bestetik, erronka itzelari aurre egiteko gai izan garelako milaka lagunen laguntzarekin: 6000 lagun inguru eta 300 mendi!
Deustu aldeko lagunok ere parte hartu dugu, eta zorte handia izan dugula esan genezake, argiztatu dugun mendia benetan ederra izan delako: Urkulu. Gainera, kokapen ezin ederragoan, Aezkoa eta Nafarroa Beherearen arteko mugan, Irati aldean. Sekulako eguraldia eta talde bikaina.
Asteburu-pasa itzela egin dugu 80 lagun inguruk; batzuk autobusez abiatu ziren Deustutik, beste batzuk autoz, eta denok batera hango paisaiaz gozatu eta elkarrekin giro polita sortu dugu. Larunbatean Orbaizetatik abiatu eta Iratiko txoko ederretan ibili ginen, taldetxo batek Mendizar mendira jo zuen, beste batzuek Azalegira, gehienak Arrazolara. Ondoren denok batera bazkaltzera. Aipatzekoa da Deustu aldeko leku guztietako lagunak izan direla: Sani, Ibarrekolanda, Elorrieta, Arangoiti, Done Petri. Erriberakoek huts egin digute, baina aitzakia bazuten: jaiak!
Nabarmendu behar da Pentsionisten mugimenduko kideek erronka erraz gainditu zutela eta erakutsi zutela oraindik sasoiko daudela, belaunaldi gogorra eta borrokalaria, eredugarria duten grina.
Arratsaldeko 18etan oinez abiatu ginen Urkulura gutako asko, eta besteak jarritako bus lanzaderan. Txistulariekin dantzatu eta denok batera azken malda igotzeari ekin genion, Urkuluko dorrea gure zain.
Gau magikoa izan zen. Itxaropen-argiak piztu ditugu. Gailurretan bizitakoa gure memoria kolektiboan eta bihotzetan geratuko da. Ehunka gailurretara igo gara, baina bideak jarraitu behar du, gure gailurra ez baitago Pirinioetan: gure gailurra zortzimilakoa da!
Erabakitzeko eskubidea gure esku izatea lortu arte! Biba zuek!