Irisgarritasuna, txarto ulertutako beharrizana goi auzoetan

Bilboko goi auzoetan bizi garen lagunok ezin izan dugu beste bizitokirik aukeratu. Gure etxeetako ekonomia dela eta, ezin izan dugu aukeratu aldapa gutxiago duen auzorik. Adinean aurrera egin ahala, gure etxeak auzoarekin eta hiri erdigunearekin lotuko dituen zerbitzuak ahalbidetu diezaizkigutela beharrezkoa dugu. Zergadunak gara eta zergak ordaintzen ditugu. 

Udal administrazioak agindutakoa ez du bete. Eskaera batzuk betetzeko errazak dira eta beste batzuk ez hain errazak, baina horregatik ez dute garrantzia gutxiago. 

Zumalakarregi etorbidea Piedritas landararekin lotzen duen igogailua 2017ko martxorako doakoa eta Udalak zuzenean kudeatua izango zela agindu ziguten. Eta noizko izango da?

Lezamako Trenbide Zaharreko erdibideko geralekua, auzoko hainbat eragilek ehunka eskaera egin arren, agintaldi honetarako eginda egongo zela esan ziguten, eta oraindik ez dute proiektu publikorik mahai gainean jarri. Noizko?

Campo Volantin eta San Agustin estrata lotuko dituen igogailua 3.000 sinadura jaso dituen eskaera da. Udalbatzarrean onartu zen bere bideragarritasun plana eskatzea, eta oraindik ez dago ezer mahai gainean. 

Zurbaran eta Zurbaranbarri bideetan irisgarritasun gabeko etxebizitza blokeak daude batean eta bestean. Bai barrutian bai Udalean eskatu dute auzotarrek kaleen arteko altuerak arintzeko igogailu txikiak ipintzeko. Noiz erantzungo zaie eskaera guzti hauei?

Irisgarritasun arazo gehiago dauden arren, hauek dira larritasun gehien dutenak. 

 

 

Gure Etxea auzo elkartea

2017ko iraila.