Euskarazko arreta eskatzeagatik, isuna!

Onartezina iruditzen zaigu udaltzainen eta, orokorrean, Bilboko Udalaren jarrera euskararekiko eta euskaldunokiko. Oraindik ere bilbotarron hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzeaz gain, euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak zigortu ere egiten ditu, euskarazko arreta eskatzeagatik isuna jarriz.

Mari Jaia joan zaigu dagoeneko, baina Konpartsakideon lana ez da amaitu: Mari Jaia erre ostean txosna desmuntatzeko lanari ekiten diogu beste pare bat egunez. Hau Pittu Hau konpartsan, Aste Nagusian bezala, desmuntaian ere euskaraz bizitzeko hautua egiten dugu, konpartsa barruan zein kanpoan.


Aurten, ordea, desmuntaiaren lehen egunean, geure konpartsakide bat kotxez txosnagunetik irteten ari zela udaltzain batek gelditu egin zuen, eta erdaraz egin zion. Konpartsakideak euskaraz artatua izateko eskatu zuen, eta orduan udaltzainaren jarrera aldatu egin zen. Udaleko langilea harrotu, eta zera esan zion: “bi hizkuntzak dira ofizialak eta bietako batean ari naiz!”. Kotxeko paperak eskatu eta, azkenean, geure konpartsakideari jakinarazi zion bi isun jasoko zituela, bata zirkulazioagatik eta bestea... zer eta errespetu faltagatik!.


Onartezina iruditzen zaigu udaltzainen eta, orokorrean, Bilboko Udalaren jarrera euskararekiko eta euskaldunokiko. Oraindik ere bilbotarron hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzeaz gain, euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak zigortu ere egiten ditu, euskarazko arreta eskatzeagatik isuna jarriz.


Euskararen aldeko pausuak emateko orduan, funtsezkoa iruditzen zaigu euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun herritarroi babesa ematea. Zentzu horretan, ulergaitza egiten zaigu gure udala izatea oraindik ere euskararen ordenantzarik ez duen udal bakarrenetakoa. Euskalgintzaren aldarrikapena dugu hau, baina orain arte jaramonik ez! Alferrik dira euskararen aldeko argazkiak edota adierazpenak, egunerokotasunean bilbotarroi euskaraz eroso bizitzeko aukerak ukatzen bazaizkigu.  Gainera, euskaldunon bizkarrean ardura osoa jarri beharrean, administrazioek euskaldunak babestu beharko lituzkete, euskarazko arreta bermatuz eta euskaraz bizitzeko baliabide guztiak eskainiz.


Horregatik guztiagatik, tinko salatu nahi dugu Bilboko Udalaren jokabidea zentzu honetan, eta dei egin nahi diogu horrelako aferei behin betiko konponbidea emateko, hizkuntza eskubideak osotasunean errespetatuz eta euskararen aldeko urrats sendoak eginez.