Urtez urte Bilboko LGTB zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak bere eskaintza handitu du: zinema, arte eszenikoak, kultura... Apurka-apurka Bilboko dozena bat espazio okupatu ditu, gero eta leku gehiagotara helduz, baina aurtengoan Zinegoak egun-kopuruari dagokionez ere handituko da. Horri esker, otsaila sexu-aniztasunaren hilabetea bihurtuko da Bilbon.
Aurtengo edizioan Zinegoak otsailaren 20an hasiko da, astelehena, Arriaga Antzokian beste behin ere, eta martxoaren 5ean amaituko da. Horrela, Zinegoak jaialdiak bi asteko iraupen ofiziala izango du, eta zinema, kultura eta arte eszenikoekin lotutako hamaika jarduera antolatuko dira, publiko guztietarako. Landuko diren gaiak honakoak izango dira: sexu-aniztasuna, genero-identitatea, familia-aniztasuna, feminismoa eta abar.
Pau Guillen jaialdiko zuzendariak aipatu duenez, "aurreko edizioek astebeteko iraupena izan dute, eta azkenean jarduera guztiak pilatzen zitzaizkigun. Gure asmoa ez da jarduera gehiago antolatzea, baizik eta denbora gehiago eskaintzea lan horietaz gozatu ahal izateko".
Aste bi horietan programazio ofiziala antolatzeaz gain, jaialdia heldu baino lehen "3.2.1... Zinegoak" egitasmoa antolatuko da. Martxoan ere Zinegoak jaialdi ibiltaria bihurtuko da eta Euskal Herriko 30 herri baino gehiago zeharkatuko ditu.
Baina hauek ez dira jaialdiak dituen nobedade bakarrak.
Pau Guillenek nabarmendu duenez, "aurten sari berezi bi izango ditugu. Sari horietako bat oso lotuta egongo da zinemagintzarekin, eta bestea lotuta egongo da Afrikan LGTB pertsonen eskubideen alde lan egiten duten militanteekin". Saridunen izenak eta ezaugarriak aurrerago zehaztuko dira.
Horrez gain, lehen aldiz formakuntza-saioak antolatuko dira ikus-entzunezkoak ikasten ari diren ikasleekin, EHUn eta bestelako hezkuntza-zentroetan.
Programazioari dagokionez, momentuz honakoa aurreratu daiteke: Zinegoak jaialdiak Magda de Santo argentinarraren "Inundación" lana ekoiztuko du. Proiektu hau Histeria Kolektiboa eta La Fundición taldeen arteko elkarlanetik sortu da, eta agenda lesbofeministaren begirada kritikoa proposatzen du. Egilea Bilbora heldu da jada eta bere lana gure errealitatera moldatzen ari da.
Maria Salazar proiektuaren bultzatzaileak dioenez, "talde tekniko eta artistikoa bete-betean emakume feministek osatuko dute, helburua honakoa baita: publikoki, politikoki eta artistikoki lesbikoa den antzezlan bat ekoiztu, sorkuntza artistikoetan eta ikusentzunezkoetan emakume lesbianen lekua aldarrikatzeko asmoz".
Zinegoak jaialdiaren asmoetako bat edukiak sortzea bada ere, helburu nagusia sexu-aniztasunarekin lotutako istorioak, ekintzak eta topaketak ahalik eta leku gehienetara hedatzea da. "Jaialdiak irauten duen bitartean lgtb edukiak Bilbon barreiatu nahi ditugu, ikusgarritasuna emanez, naturaltasunez jorratuz eta barneratuz. Aniztasunaz ari garenean ez dugu bakarrik kolektibo edo talde sozial jakin bati bakarrik erreferentzia egiten, jendarte osoaz ari gara".
Urtarrilean, gabonak pasa ostean eta aurreko urteetan legez, Zinegoak jaialdiak bere kartela aurkeztuko du eta ohitura bihurtu den moduan, ikusgarria izateaz gain, kartelak hausnarketarako bidea zabalduko du.