Hura etorri zait burura lehenengo-lehenengo Bilbo Hiria Irratiko Soinugela programa bikainean No Time For Love abestiaz berbetan entzun ditudanean. Pedro Elias Igartuak kantuaren nondik norakoak azaldu ditu; Euskal Herriratzea zelan egin zuen, Hertzainak-eko Josu Zabalaren eskutik jakin dugu. Euskarazko hitzak (jatorrizkoaren itzulpena eta egokitzapena), Xabier Amurizarenak dira.
Christy Mooreren buruan sortu zenetik Mikel Markezek egin berri duen bertsiora arte, abesti eder horrek ibilbide luzea egin du. Hertzainak taldeari esker gure kantuetako bat bilakatu zen. Zirrara sentitzen dugu Francis Hughes eta haren lehengusu Tom McElwee eraman zituztela entzuten dugun bakoitzean; “etorri ziren Patsy O’Hara, Bobby Sands ta lagunen bila” hitzek oilo popa jartzen digute. Haiengatik eta haiek bezala injustiziaren aurka borrokatzen diren guztiengatik, Irlandan sortu baina mundu osora zabaldutako aldarria da No Time For Love. Inoiz izan ez den bortizkeria begien aurrean jartzen du. Ez dute uzten maitatzen gauetan baina Tiocfaidh ár lá.