Bilbon 7.144 euskaldun gutxiago gara

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2014ko api. 11a, 09:01

Eusko Jaurlaritzak asteon jakinarazi ditu EAEko 2011ko zentsuko euskara datuak. Bilbori dagokionez, euskaldun kopurua jaitsi egin da. 1981etik hona lehenengoz murriztu da euskaradunen multzoa gurean. Datua kezkagarria izanik ere, ñabardura positiboagoz jantzita dator. Edozelan be, adituek azterketa sakona egin beharko dute jakiteko emaitza horren arrazoia zein den. Eta hala euskalgintzatik nola, batez ere, erakunde publikoetatik, indar gehiago jarri beharko da Bilbo berriz ere euskaldun nahi badugu.

Aste honetan eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak V. Mapa Soziolinguistikoa. Tito Serranok hemen egin du hausnarketa gai horren inguruan. Bilbori dagokionez, oraindik datu zehatzagoak falta dira, auzokakoak adibidez, eta azterketa sakona egin beharko da. Baina datu printzipala nahikoa esanguratsua da: 2006ko zentsuko datuekin alderatuta, euskaldun kopurua jaitsi egin da gurean. 2006an bost urtetik gorako 80.903 bilbotar euskaldun zenbatu zituzten; 2011n, aldiz, 73.759. Bitarte horretan Bilboko populazioa ere murriztu da, baina askoz hein txikiagoan: bost urtetik gorako 334.790 bizilagun 2006an, 333.416 biztanle 2011n. Ondorioz, euskaldunen portzentajea jaitsi egin da: %24.16 2006an, %22.1 2011n.

1981etik, alegia zentsu bidez euskara datuak batzen hasi zenetik, lehenengoz apaldu da euskaldun kopurua. Orain arte beti izan da gorakadarik, nabarmenagoak batzuetan, umilagoak besteetan:  23.430 (1981) 33.181(1986) 34.429 (1991) 49.519 (1996) 51.302 (2001) 80.903 (2006) eta 73.759 (2011). Beraz, emaitza nahikoa kezkagarria izan daiteke.

Hala ere, datu hori bere gordinean beharbada ez da errealitatearen isla zehatza. Bada kontuan hartu beharreko emaitza pozgarririk. Lehenengoa, elebidun hartzaileen (antzinako ia euskaldunen) gorakada: 93.677. Ia %50 gehiago 2006an baino. Horiek euskararako bidean badatoz, bultzada handia izan daitezke aurrerantzean. Bestetik, gazte belaunaldiak hein handi batean euskaldun datoz: 10 eta 14 urte bitartekoen %75. Portzentaje polita, bai, baina, Tito Serranok nabarmendu duen legez, zergatik ez %100 euskaldun? Zentzunak hala eskatzen du. Egia da, halaber, 2006ko euskaldun kopurua oso ona izan zela (%57ko hazkundea 2001ekoarekin) eta normala izan litekeela bost urte geroagoko geldialdia (horrela gertatu zen 1991n eta 2001n ere, jaitsiera barik ordea). Azkenik, adituek esan beharko dute baina baliteke euskaldunen jaitsiera mugimendu demografikoekin (gazteak Bilbotik kanpora joaten dira bizitzera, etorkin erdaldunen etorrera…) lotuta egotea.

Edozelan be, 2011ko datu horrek azterketa sakona eskatzen du. Eta azalpen egokirik aurkituta ere, Bilbo euskaldunetik oso urrun gaude oraindik (ezagutzari dagokionez; haren kalitateari eta erabilerari erreparatu barik). Gehiago egin behar dugu, denok. Baina, batez ere, gehiago egiteko ardura eta bitartekoak dauzkatenek.