Franco hil eta 38 urte geroago, Buñuelen, Nafarroako Erriberan, ezin dituzte lasai oroitu 1936ko udan fusilatu zituzten 56 herritarrak. Hilketa haiek inoiz ez zituzten salatu, ikertu, epaitu, gaitzetsi. Buñuelgo elizaren aurrean, ostera, gurutzea dago, orain dela gutxi zaharberritua, Francoren alde hil ziren herritar guztien izenekin.
Hogeita hamar urte geroago (1969) hil ziren EGIko Jokin Artajo eta Alejandro Asurmendi, Ultzaman, bonba bat prestatzen ari zirela. Aurten ere debekatu egin dute haien omenezko ekitaldia. Legez kanpo utzi du demokrazia honek askatasuna esku artean lehertu zitzaien gazte haien gomuta.
Berrogei urte geroago (1975) fusilatu zituzten ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi. Epaileek agindu zehatzak eman dituzte haien izenak gure herrietako kale eta plazetatik (Etxebarri, Zornotza, …) kentzeko, legez galarazita daudelakoan.
Diktaduraren ostean haustura demokratikorik egin ez zuen heinean, gaurko Espainia frankismoaren jarraipena da. Oinarrian dauka erregimen zaharra. Horregatik, espainiar demokraziaren defendatzailerik sutsuenak epelak izaten dira diktaduraren ondorioak hizpide hartu behar dituzten bakoitzean. Frankismoaren aurka jotzeak aldean dakar, ezinbestez, gaurko sistema honen zilegitasuna eta izaera demokratikoa kolokan jartzea.
Asteburu honetan senideak edo lagunak ikusteko 1.200 kilometro egin dituzten euskal herritarrek Llanos del Caudillo herriko kartela topatu dute Herrera de la Manchara heldu orduko. Jesus Muñecas kapitaina eta ustezko torturatzailea (gogoan duzue ‘Itziarren semea’ abestia?) auzipetzeari uko egin diote Hasier Arraiz epailearen aurrera deitu duten egunean bertan, zergatik eta haustura demokratikoa defendatu duelako.
Bilbon ere bada zer kontatua. A ze kalapita Udaletxeko hormetatik agintari frankistak kentzeko eta haien kastakoei (Kindelán, Dávila eta Carrero Blancori, besteak beste) aitortutako ohore, sari eta dominak baliogabetzeko! Bilbotarren etxe nagusian segituko dute, ‘egoki azalduta’, hori bai, José María Areilzak (“Bilbao conquistado por las armas. Nada de pactos y agradecimientos póstumos. Ley de guerra, dura, viril, inexorable”, 1937), Pilar Kareagak eta Neguriko oligarkiako beste perla batzuek.
“Historia errespetatu behar da, nahiz eta gustatu ez”, justifikatu zuen alkate zenak, Otxarkoagako plazatik Txabi Etxebarrietaren irudi umil bat kenarazi zuen alkate berberak. Historia errespetatzeko modu xelebrea da Espainiakoa: demokraziaren alfonbraren azpian hilotzak bide bazterretan, fusilatuak ezin omendurik edo legez kanporaturik, hiltzaileei eta torturatzaileei babes, domina eta gorazarre… Historia errespetatzea barik, zapalkuntza betikotzea eta legezkotzat jotzea da hori. Begirune txikia historiari, errespetu handia frankismoari.
Hala ere, Bilboko Udalak inoiz muzin egin dio ‘historia errespetatzeko’ joerari eta omen egin die faxismoaren aurka eta demokraziaren alde borrokatu zirenei. Artxandako Aztarna monumentuan (2006), esate baterako. Edo Botikazarreko parkeko bazter apal batean. Azken horren historia kitzikagarria hemen paratu dugu.