Izan ere, XVIII. mendeko kolonizatzaileak, XIX. mendeko kolonizatuak bilakatu ziren 1846-1848ko gerraren ostean, Estatu Batuek Mexikori Kalifornia Garaia (eta alboko lurraldeak) kendu ziotenean, alegia. Californioen kontra egundoko bortizkeria (legezkoa eta legez kanpokoa) erabili zuten 1848az geroztik, izugarria, haien jabego gehienez soildu eta bigarren mailako hiritar bihurtu arte. ‘The Big Country’n ez da bortizkeria hori ageri, baina Maragondarrak abailduta zeuden. Terrill eta Hannassey angloak ziren nagusi berriak.
Kontua da californio haien ondasunen jatorria ere, hein handi batean, zapalkuntzaren emaitza zela. Espainiar kolonizatzaileak Kaliforniara heldu aurretik milaka lagun bizi ziren han. 70 talde etnikoren lurraldea zen, tartean zirela chumashak, pomoak, cahuillak eta beste asko. Ehun bat hizkuntza egiten zuten bertan eta, kalkulurik apalenen arabera, ehun mila lagun ziren. XIX. mendea amaitu orduko, 15.000 baino ez. Hizkuntza indigena ia guztiak galdu dira.
Espainiar kolonizazioak fraideak eduki zituen aitzindari, lehenengo jesuitak (Kalifornia Beherean) eta frantziskotarrak gero (Kalifornia Garaian). Misioak sortu zituzten, gaur ezagutzen ditugun hiri nagusien haziak: San Francisco, Los Angeles, San Diego … Horietan inguruetako indioak bildu, kristautu eta haien bizimodu ‘atzeratuaren’ ordez, nekazaritzaren eta ‘zibilizazioaren’ onurak erakutsi zizkieten. Misio haiei zor zaie, besteak beste, Kaliforniako nekazaritza (laranjak, ardoa…) emankorra abiatu izana. Helburua baitzen, fede berdaderoa eramateaz gain, indigenak herrietan bildu eta laborari edo artzain moduan gizarte kolonialaren baitan bizimodua ateratzeko gauza bihurtzea.
Gai honetaz gehiago jakin gura duenak Asun Garikanoren ‘Kaliforniakoak (1533-1848)’ liburu ederrera jo lezake. Bertan aurkituko du orduan lurralde urrun eta gaur munduaren erdigunea den horretan euskaldunek egindako ibileren berri. Tartean, bilbotar batzuk, Bruno Hezeta itsasgizona kasu. Bilbo ondokoa zen, halaber, Etxebarriko aita Bizente Sarria frantziskotarra. Haraino joan zen euskarazko sermoi andana aldean hartuta. Baina hunkitu egin gaituena aita Jose María Zalbidea bilbotarra izan da. Misioetako azken fraideetakoa izan zen, misioen akaberaren eta indioen kontra abaildu zen zapalkuntzaren lekuko. Gogor salatu zuen 1834an Mexikoko gobernuak hartutako erabakia: misioak desegin eta misioetako lurrak indioei itzuli beharrean, kolonoei ematea (californioei, alegia). Ez zioten jaramonik egin. Han hil zen, 1846an, Estatu Batuek Mexikori gerra deklaratu zioten urtean bertan.
XVIII. mendean Kalifornia aldean gauza gehiago gertatu ziren. Adibidez, Begoñako Ama eta Robinson Crusoe aurrez aurre paratu zituen itsas gudu harrigarria. Hemen topatuko duzue.
Argazkia: Kaliforniako chumash indioak (musikariak). 1873.