Ibarrekolanda baino lehen, Etxebarri

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2014ko uzt. 1a, 10:05

Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxiboa
Ibarrekolanda da, azken berrehun urteotan, Deustuko leku ezaguna. Auzo populatua dugu gaur egun, izena eman zion landaren arrastorik gorde ez duena. Baina hura ez zen izan bere lehenengo izena. Gure ustez, hori baino lehen, alderdi horri Etxebarri esaten zioten.

Ibarrekolandaren bila aritu gara dokumentazioan eta kasik ez dugu aurkitu XVIII. mendearen bigarren erdialdean baino lehenagoko alerik. Behin bakarrik, istilua izan zelako 1676ko maiatzeko domeka batez, neska-mutilak albokaren doinuaz dantzatzen ari zirenean.

Orduan, zelan esaten zioten inguru horri lehenagoko agirietan? Gure ustez, ez da dudarik: Etxebarri edo haren aldaeraren bat (Etxabarri, Etxebarria…). Hori leku izen aski zabaldua da Euskal Herrian, esangura gardenekoa. Deustuan bertan, tradizio handikoa. Batetik, Deustuko eliza XIV. mendean fundatu ei zuen gizona Otsoa Etxebarrikoa izan zelako, andre Urraka Zorrotzakoarekin batera; bestetik, etxe askoren izen gisa ageri delako dokumentazioan, batez ere, jakina, etxeak egin berritan.

Zergatik Etxebarri? 1704an fogerazioa egin zuten Bizkaiko herri guztietan. Deustuari dagokionez, hona hemen orduko hartan izendatu zituzten auzoak: Madariaga eta Uribarri, Goiri, Miragaia Etxebarria, Thelletxe, Urkitza, Arkotxa eta Ogena. Seguruenez Berriz ere jarri zuten, baina papera urratuta dago eta ezin jakin falta den zatiak zer zekarren idatzia. Ez da erraza jakitea bakoitza ze baserri den, ez baitakar etxearen izenik, ugazabaren eta maizterraren izen-deiturak besterik ez.

Hala eta guztiz, nabarmena da Miragaia Etxebarria auzo horretan sartu zituztela Ibarrekolanda aldekoak. Eta Miragaia ondo baino hobeto dakigu non zegoen, izen horretako baserrietako batek, gutxienez, XX. mendera arte iraun zuen eta. Miragaia Ramon y Cajal kaleko goiko aldeari esaten zioten, elizatik gorakoari alegia. Beraz, Miragaia Etxebarria atalean inguru horretan hasi eta Larrauri arteko eremua sailkatu zuten. Eta Miragaia ez zena, jakina, Etxebarria edo Etxebarri izan behar.

En el lugar de Hechavarri

Baina 1704ko fogerazioan badira pista gehiago. Esate baterako, 2001ean eraitsi zuten Mazo baserria aipatu zuten, era honetara: “la cassa de Echabarrimazo”. Etxebarri Mazo, alegia. Mazo abizena zen, aurreko urteetan (XVII. mendean) etxearen jabe izan zirenen deitura.

Eta sasoi hartan, inguruetako beste etxe batzuk ere horrela izendatu zituzten. Esate baterako, Etxebarri Elorriaga edo Etxebarri Larrea esan zioten XVI eta XVII. mendeetan auzoko beste etxe bati. Jakina, garai hartan lehenengo Elorriagatarrena eta gero Larreatarrena izan zen.

Auzoko beste baserri bat Korrale edo Korle izan zen. 1900 urte inguruan desagertu zen, Zubiriako kondeak Sarrikoko bere etxaldea handitzeko erosi zuenean. Bada, etxe hori honela aipatu zuten 1623ko auzi batean: “en la cassa del Corral del lugar de Hechavarri”. Euskaraz Etxebarri Korrale, akaso?

Azkenik, Etxabarri zen, beste barik antza denez, XIX. mendearen amaieran galdu zen inguru horretako beste baserri baten izena.

Hainbeste urtez iraun zuen izena, ostera, XVIII. mendearen hasieran desagertu bide zen. Hurrengo urteetako agirietan ez zaigu gehiagotan azaldu. Eta XVIII. mendeko bigarren erdialdean Ibarrekolanda hasi zen agertzen. Ibarrako landa hura inguruetako bizilagunen topagune ez ezik, auzoaren izen bihurtu zen.

Argazki oina:
Deustua. 1729. Miragaia baserria (gaur egungo Ramon y Cajal kalearen amaieran) eta goian, Goiri (gaur Arangoiti).