1937. Ikurrina Irisarrin (Nafarroa Beherea) kabalkada eta toberaren buru. EKE.org, Ana Idieder, CC-BY-SA.
Bilboko Korreo kalean zegoen elkarte berria, Euskeldun Batzokija, EAJren lehen hazia, eta, atea lehenengoz ireki orduko, bandera eskegi zuten balkoian. Aurrean, bazkide multzo bat besterik ez, ardura handiko ekitaldiaren lekuko. Artean hura bandera ezezaguna zen, zuri, gorri eta berdea. Izena ere, inoiz entzun bakoa: ikurriña.
Independente nahi zuten Bizkaiaren ikur gisa sortu zuten Arana Goiri anaiek bandera hura, baina laster gainditu zituen mugak, hala fisikoak nola mentalak. Hurrengo hamarkadetan herrialde guztietara zabaldu zen, hego zein ipar, Euskal Herriaren erakusgarri bihurtu arte. 1936an, 40.000 gizon armaturen buru faxistei aurpegia eman zien Euzko Jaurlaritzaren bandera bilakatu zen, PSOEko kontseilari baten proposamenaren ondorioz. Haren gerizpean milaka gizon askatasunaren alde borrokatu ziren, askotan azken hatsa eman arte. Herri zaharrak aberri eta bandera berriak zituen.
Aberri horren ikur izanik, ikurrinak ez du bidea samur urratu. Hasieratik bertatik. Euskeldun Batzokija sortu eta urtegarrenean, 1895eko irailaren 14an, Espainiako Gobernuaren aginduz elkartea itxi eta arduradunak atxilotu zituzten. Horretan ere Espainiak ez du askorik aldatu 120 urteotan. Eraman egin zituzten hango bazkideak, hango ondasunak, eta lehenengo ikurrin hura. Eta espetxeratu. Bandera bahitzeko arrazoia ere eman zuen Gobernadore Zibilak, argi eta garbi eta idatziz, zalantzarik ez lagatzeko: “Resultando que el 14 de julio de 1894 a las seis de la tarde se izó y ondeó en los balcones de la sociedad de que se trata una bandera que con escándalo y rubor de todo buen español aún se iza y ondea que se llama nacional como emblema o enseña del separatismo”.
Bandera nazionala izan nahia zuen bekatu, beraz, ikurrinak, lege aldetik aitorpenik eduki ez arren, izan baden herri baten ikur bihurtzeko nahia. Iñaki Egañak idatzi duenez, 1894ko ikurrinak bahiturik segitzen zuen 1932an. Eta gero desagertu ei zen. Lehenengo euskal bandera hura bezala, geroztik etorri diren ikurrinak, Euskal Herriaren ikur izan nahi izan duten heinean, legez kanpo jarri eta jazarri egin dituzte. Berdin 1894an, 1937an, 1984an edo 2014an.
Bai, gaur egun, ere. Ikurrina legezkoa da, are ofiziala ere. Baina hori ez da 1894ko ikurrina, Espainiaren zati banaezina den Euskal Autonomi Erkidegoaren bandera baizik. Kolorez eta formaz berdina, izaeraz zeharo ezberdina. Euskal Herriaren ikur izan nahi duenean Espainiako Zuzenbide Estatuak legez kanpo uzten du, Euskal Herriak ez baitauka lekurik demokrazia honetan. Ikusi besterik ez dago Nafarroako Gobernuak 2003an ezarri zuen debekua, herritarren borondatearen aurka eta zigor latzen zemaiez udaletxeetako balkoietatik kentzeko. Edo Iruñeko sanferminetan hura ehizatzeko prestatu ohi dituzten operatibo polizial ikaragarriak. Urkixo jaunak EAEko udalen kontra abiarazi duen gurutzada ere ez da ahuntzaren gaueko eztula: alboan Espainiako bandera monarkikoa ez badauka, EAEn ere ikurrina legez kanpo dago.
Alegia, bandera autonomikotik bandera nazionalerako jauzia egin nahi badu, jazarri egiten dute, bortitz oldartzen dira haren kontra. 1894ko uztailean Ziriako Iturrik altxatu zuen ikurrinarekin egin zuten bezala.
Ehun eta hogei urte geroago, omenaldiak omenaldi, bada sasoia emakume eta gizon askez osaturiko herri librearen bandera egin dezagun.