Txomin Betolaza, Begoñako bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2014ko abe. 17a, 08:20

Euskararen lurralde gehienetan bezala, Bilbo eta albo-herrietan be izan da bertsotan eta koplatan egiteko ohitura. Euskara nagusi zen aroan bertsolariak eta koplariak izan dira inguruotan. Begoñako Txomin Betolaza bertsolaria, esate baterako, XX. mendearen lehenengo hamarkadetan Kepa Enbeita Urretxindorra handiarekin sarritan kantutakoa.

Izan ote da bertsolaririk gurean Santutxuko Bertso Eskola sortu baino lehen? Oihana Bartrak aurrekaririk eduki ote du? Mahatsorriek bertsotan eta koplatan egiteko ohitura zeukaten? Galdera horiei guztiei baietz erantzun behar diegu. Bertso eta koplatan jardun zuteneko arrastoak ageri direlako han eta hemen, nahiz eta izen propiorik ez den kasik inon ageri. Kasik diogu, gutxienez bat bazelako: Domingo Betolaza Karkamo, Txomin Betolaza.

Txomin Betolazaren gaineko lehenengo albistea Joxin Iturriotz bertso adituari zor diogu, hura ibili baitzen bertsolari mahatsorriaren arrastoaren bila eta BERTONekoak jakitun jarri gintuen. Guk hemen Betolazaren bertso jardunaren gaineko ohar labur batzuk paratuko ditugu, haren gomuta berpizteko eta, beharbada, guk baino informazio gehiago duenik balego, denon eskura jar dezan animatzeko.

Txomin Betolaza begoñarra 1879an jaio zen. XX. mendearen hasieran Bilboko San Frantzisko auzoan bizi zen (bederatzi urte egin zituen han), 1911n Begoñara aldatu zen arte. Hurrengo urteetan, tarte labur batean izan ezik, Begoñan bizi izan zen. 1912 eta 1917 bitartean Begoñako txinela (udaltzaina) izan zen. Postua laga zuen herritik kanpora joan behar zuela argudiatuta. Urte batzuk geroago bidezain hasi zen Aldundirako. Lanpostu horretan segitu zuen erretiroa hartu zuen arte. Ezkondu eta ume bi eduki zituen. Begoñan Berdelaren kalean bizi izan zen.

Bertsolari handienekin

Aita Santi Onaindiak Gure Bertsolariak liburuan (1964) aipatu egin zuen: “Onen antzekoa baita Begoñan bizi izan zan Betolaza Karkamo be; bertsolari “xelebre, trabes utsa”, ezagutu eban batek oraintsu iñostanez. Bilbaoko Aldundiko txilindru-zaiña zanez, bideetako beroak egarri sortu oi eutson eta Begoña aldeko sagardotegi ta txakolin-etxeak ondo ezagun ebezan onen etenbako bertsokantak. Au ta Mungiako Bartolo sarri ibilli ziran Enbeitagaz erririk erri bertso-kantari; beraz, etziran edonor”.

Ez zen edonor. Betolazak bertso saio asko egin zituen gutxienez 1909 eta 1929 bitartean, eta garaian garaiko puntako bertsolariak eduki zituen kantu-lagun. Guk aurkitu diogun lehenengo saioa 1909ko Santiago egunekoa da. Durangoko batzokiak antolatuta, jai abertzalea egin zuten Urkiolan eta arratsaldean, mitinaren ostean, “el versolari Betolaza improvisó algunas composiciones”. Hura hitzordu garrantzitsua izan zen eta mahatsorria bakarrik aritu zen. Beraz, izena eta izana behar zuen ordurako bertso kontuetan.

Askotan kantatu zuen Betolazak EAJren ekitaldietan. 1910eko urriaren 21ean Lezaman beste euskal jai jendetsua egin zuten jeltzaleek. Orduko hartan bertsolariak bi izan ziren: “los afamados bersolaris don Pedro de Embeita y don Domingo Betolaza”, Novedades aldizkarian idatzi zuten bezala. Hangoa da testu honekin batera argitaratu dugun argazkia.

Gehiagotan ere jardun zuen EAJren eskariz. Esate baterako, 1915eko San Inazio egunean Deustuko batzokian antolatu zuten ekitaldi euskaltzalean. Euzkadi egunkarian idatzi zutenez, “nos hizo pasar un rato alegre el afamado bertsolari Betolaza, el cual con sus improvisaciones consiguió a su vez hacerse aplaudir”.

Garai hartako Bizkaiko bertsolari onenak eduki zituen alboan: Eustakio Larrabeiti Eulea, Esteban Uriarte dimoztarra eta, esanda doan bezala, Kepa Enbeita Urretxindorra handia. Horiekin eta Keparen seme Balentin Enbeitarekin lehiatu zuen txapelketetan, esate baterako 1928an Mungian eta 1929an Algortan egindakoetan. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuko bertso saioan ere esku hartu zuen, Gernikan, 1922ko irailean, Txirrita, Larralde, Iraola eta beste asko inguruan zituela. Hilabetegarrenean, Kepa Enbeitari Eibarren egin zioten omenaldi handian hartu zuen parte.

Eta gurean? Inoiz kantatu zuen Begoña aldean? Bai. Sarritan, seguruenez. Guk lekukotza polita dakargu. 1920ko hamarkadaren amaieran Santutxu Futbol Taldeak bere sorrera ospatzeko jaieguna egiten zuen urtero uztailaren erdialdean. 1928 eta 1929ko ospakizunetan, gutxienez, Betolazak bertsotan egin zuen. Honela irakurri dugu La Tarde egunkarian 1929ko uztailaren 22ko egitaraua: Agustin Sarasolaren jatetxean bazkaria egin behar zuten eta ondoren,“el gran versolari Chomin de Betolaza al igual que el año anterior recitará alguna de sus peculiares composiciones en obsequio de los comensales”. Horra hor Txomin Betolaza bertsolari handia, Santutxuko futbolzaleen bazkarian bertsotan. Futbola eta bertsoa, Begoñan elkarturik.