Kapitalismoak gurean kanoikadaka bidea ireki zuenetik (bigarren karlistadaren amaieran) Ibaizabal garraiobide jendetsua bilakatu zen. Kai sendoez estu hartu zuten, albo-alboka ibili barik ahal denik eta zuzenen isur zedin Bilbotik Areetaraino. Ibarretan lantegiak eta etxeak altxatu zituzten eta egunero jende andana hasi zen haien bizitzetako joan-etorriak ertzik ertz bilbatzen. Pertsonak eta merkantziak, uretan gora eta behera edo alderik alde. Ibaizabaleko jarioan antzeman zitekeen Bizkaiko kapitalismoaren taupada erritmoa.
Jende eta ontzi asko ibiltzearen ondorioetako bat istripuak izan ziren. Itsasadarrari arriskua dario, atzo, gaur eta beti. Ohiko legea izaten zen inor itota agertzea hala uretan nola urertzetan. Baina horrez gain, bestelako arriskua zabaldu zen. XVIII. mendetik aurrera ohikoa zen batel zerbitzuak egotea ibarretik ibarrera igarotzeko. Deustuan, esate baterako, Zorrotzaurren eta Elorrietan. XX. mendearen hasieran milaka lagun ibiltzen zen txalupa haietan, San Antonetik Portugaleterako tartean ez baitzegoen zubirik. Deustua, Barakaldo, Erandio, Sestao, Leioa, Portugalete.... horiek guztiek pasaia zerbitzuak zeuzkaten. Arauturik egonik ere, istripuak gertatzen ziren.
Esaten dugunaren erakusgarri, 1881eko abuztuan hiru txotxo hil ziren Deustuan, Zerbezeria aurrean (gaur Deustuko zubia dagoen inguruan) Palmira baporera igo nahi zutenean. Makina erdian joian ontzira hurreratzean haien txalupa irauli eta hiru mutil gazteak ur azpian desagertu ziren. 1885eko ekainaren akabuan gabarrak lotzen ari zen behargina eta Olabeaga aurrean zegoen Christian Cher Vindeya norvegiar ontzira itzultzeko txalupa txikian joiazan marinel bi eraman zituen uriola beldurgarriak.
Elorrietan
Baina pasaietako zerbitzuetarako urte beltza 1906 izan zen. Istripu larri bi gertatu ziren. Abenduaren 10ean, itsasadarra uriolan zetorren bizi-bizi eta pasaia zerbitzuak bertan behera gelditu ziren, Itsas Armadaren aginduz. Gauaz urak zertxobait baretu eta ibiltzeko baimena eman zuten, betiere ontzi bakoitzean marinel bina joateko baldintzaz. Barakaldoko Errotabarri eta Zorrotzako puntaren artean Kadagua zeharkatzen zuen batela lanean hasi zen, ohi bezala Lutxanatik Talleres de Zorroza enpresara beharginak eramateko.
Goizeko zazpi eta erdietan Pedro Bravo eta Agustin Lamuño batelariek (koinatuak ziren) dozena bat langile ontzian enbarka eta uretaratu ziren. Batela Kadagua eta Ibaizabal batzen diren lekura heldu zenean, Elorrieta aurre-aurrean alegia, uriolaren indarrak irauli egin zuen. Batzuk txalupari oratuta salbatu ziren baina besteak korronteak eraman zituen. Bost lagun hil ziren itota, lau behargin eta Agustin Lamuño batelaria, denak Lutxanakoak. Jende askok ikusi zuen ezbeharra Zorrotzako kaitik.
Erandiokoa
Are larriagoa izan zen urte hartako otsaileko istripua. Erandion gertatu zen, otsailaren 27an. Aratuste martitzena zen, jaiegun handia. Erandioko neska-mutil asko Barakaldo aldera igaro zen, parranda egitera. Batelaz joan eta, belu egin orduko, batelaz atzera etorri. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, txalupa Galindoko kaitik ateratzekotan dagoela, Mariano Iturbe ailega zen Urbinagatik. Geroago kontatu zuenez, gaztez mukuru beteta zegoen batela abiatu aurretik. “Jakinda arriskua bazena, geldirik egon ginen, baina batzuk berbetan, kantuan besteak”. Galindotik Ibaizabalera irtenda, marea beheraren oldarraz eta zekarren zamaz trabatuta, ontzia alde batera makurtu eta poparean ura sartzen hasi zen. Aurrekoek kantuan segitzen zuten bitartean, atzealdeko neskatilak uretan gelditu ziren. Haien deiadarrak, kantuez nahasirik, aratuste giroko bromatzat hartu zituzten Erandion begira zeudenek. Ontziko brankakoak, ostera, egoeraz kargutu eta uretara bota ziren. Handik gutxira batelak, uraz beterik, hondoa jo zuen.
Hurrengo minutuetako drama ez da erraza kontatzen. Bederatzi lagun hil ziren itota, zortzi gazte (18 eta 24 urteko neska-mutilak) eta Ignazio Zarandona patroia alegia. Gazte gehienak erandiotarrak izanik ere, tartean zen Elorrietako Teodora del Olmo deustuarra. Haren senargai Jose Trotak eginahal guztiak eta bi egin zituen Teodora onik atera zedin, baina ezin izan zuen. Une batez ur azpian desagertu zenean txonbo egin eta ur azpian bila hasi zen. Emakume arropak sentitu eta haietatik tiraka neska bat atera zuen. Behin ur azalean, ezustea. Salbatu zuena ez zen Teodora, ontziko beste neska bat baizik.
Ezbehar larri hark gogor astindu zituen itsasadarreko herriak. Prentsan luze aritu ziren haren gainean eta bertsoak ere atera zituzten, istripuaren gomuta zabaltzeko. “Bertso berriak Erandiorako jarriak” izenburuarekin hamabi bertsoko papera inprimatu zuten Irunen. Guk hona bat ekarriko dugu: “Horretarako ziran egunak / juan ziran erromerira / dibersiyua zeuan lekura/ Barakaldoko herrira;/ arratsaldia han pasatuta / illuntzian erretira, / bote batian hamasei lagun/ danok ziraren azpira”.