Arturo Peña, deustuar atleta olinpiko ezezaguna

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko ots. 8a, 12:03

Arturo Peña Deustuak eman duen atletarik handiena izan da, duda barik. Hala ere, gure artean ez da batere ezaguna. 1927 eta 1932 bitartean txapel asko irabazi zituen, gehienak Athletic Cluben elastikoa jantzita. 1928ko Joko Olinpikoetan esku hartu zuen.

Arturo Peña 1931ko Espainiako Krosean. Irabazi egin zuen. Mundo Gráfico aldizkaria.

 

Arturo Peña Aznar (1903-1969) Deustuan jaio zen. Ama, Soledad Aznar Casal zuen; aita, berriz, Luis Peña Rey. Gutxienez anaia bat eduki zuen, Ramon, hura ere Deustuan jaioa baina hiru urte lehenago, 1900. urtean alegia.

Hala ere, familia laster aldatu zen Plentziara, Arturo umea zela. Han eman zuen bere bizitza gehiena eta horregatik Plentzian bertakotzat daukate. Gaztetan itsasgizon lan egin bazuen ere, bere benetako zaletasuna atletismoa zen. 1926an Athletic Clubeko atletismo sailean zegoen. Sasoi hartan Athleticek, futbol taldeaz gain, kirol sail gehiago zeukan: txirrindularitza, arraunketa, euskal pilota, alpinismoa eta atletismoa, besteak beste. Elastiko zuri-gorria jantzita irabazi zuen urte hartako abenduan Bizkaiko Federazioaren krosa. Garai hartan Bizkaiko atletismoa bere urrezko aroan zegoen eta Arturo Peñak ekarpen politak egin zizkion. Krosak maite zituen bereziki, baina pistan ere aritu zen, 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan. 1927 eta 1929 bitartean hiru bider jarraian jantzi zuen Espainiako txapela 10.000 metrotan. Bere klasea agerian gelditu zen.

 Beste horrenbeste gertatu zen 1928ko martxoaren 25ean Santanderren jokatutako Espainiako Kros Txapelketan, han ere nagusitu baitzen, azkeneko itzulian eraso eginda. Bigarren, Txutxi Oiarbide sestaoarrak egin zuen. Martxoan bertan (hilaren 11n), Frantziako Atletismo Federazioak antolatutako kros lasterketan aritu zen, Parisko Maisons Laffite hipodromoan, Oiarbide eta German Campo bilbotarrarekin. Bizkaitarrek bosgarren (Oiarbide), seigarren (Peña) eta zazpigarren (Campo) egin zuten. Erakustaldi hari esker, hurrengo urtean Nazioen Krosean (munduko txapelketaren pareko lasterketa) parte hartzeko gonbidapena eman zioten Espainiari.

 

Amsterdamgo Olinpiar Jokoak

Urte hartan bertan Olinpiar Jokoak izan ziren Amsterdamen (Herbehereak). Arturo Peñak 10.000 metroko lasterketan hartu zuen parte eta, korrikaldi ona egin ondoren, hamahirugarren iritsi zen helmugara. Paavo Nurmi finlandiar atleta mitikoak irabazi zuen. Egun bi geroago 5.000 metroko finalaurrekoa korritu zuen baina zorte barik: ez zen finalerako sailkatu. Hura izan zen deustuar batek Olinpiar Jokoetan esku hartu zuen bigarren aldia, 1924koetan Carmelo Goienetxea futbolaria aritu zen eta.

1929an laugarren egin zuen Peñak Espainiako Kros Txapelketan. Bizkaiak taldekako txapela jantzi zuen (lurralde selekzioen lasterketa zen hura), Oiarbide txapeldun eta Campo hirugarren gelditu ziren eta. Urteko hitzordu nagusia, ostera, Nazioen Krosa izan zen. Parisen jokatu zen, Maisons Laffite hipodromoan bertan, eta bizkaitarrek, beste behin, erakustaldia eman zuten. Oiarbidek bosgarren egin zuen eta Peñak hamalaugarren.

Baina horiek izan ziren urte hartako azken lasterketak... abendura arte. Izan ere, horiek korritu baino lehen ere abisua eman zuen: atletismoa utzi behar zuen. Prentsari esan zionez, gurasoek ez zuten begi onez ikusten bere atleta karrera, “ez hasi nintzenean, ezta orain ere”. Xalo-xalo aitortu zuen bere erabakia: “zer egingo diogu bada, isilik egon eta obeditu! Atzera ere itsasora”. Hala ere, esan bezala, 1929ko abenduan itzuli zen: lasterketa pare bat egin zuen Barakaldon eta Sestaon.

 

Azken txapelak

1930ean hiru lasterketa jarraian irabazi ostean, hirugarren egin zuen Espainiako Kros Txapelketan. Eta Nazioen Krosean hamabosgarren egin zuen. 1931n Arturo Peña talde barik aurkeztu zen Bartzelonan jokatu zen Espainiako Kros Txapelketan. Irabazi egin zuen. Haren azken garaipen handia izan zen, baina Bizkaiko atletismoa endekatzen hasia zegoen: ez zeukan talderik eratzeko gaitasunik. 1932ko Espainiako Kros Txapelketan Peñak bigarren egin zuen. 1933ko maiatzean erretiroa hartu zuen.

Gehiago jakin gura duenak, bilbaopedia.infon aurkituko du Arturo Peñaren gaineko artikulua eta bibliografia.