Deustuko Udaletxea. 1911.
Bigarren karlistada amaitu (1876) eta gero, foruak kendu eta Hego Euskal Herria Espainian zeharo integraturik gelditu zenean, artean nagusi ziren bando politikoak korapilatu egin ziren. Hurrengo urteetan karlisten arloan banaketak gertatu ziren (tradizionalistak, integristak...) eta liberalen zelaian ere beste horrenbeste pasatu zen: kontserbadoreak, liberalak (eta gero bereizketa gehiago: Canalejas, Moret edo Mauraren aldekoak, nor bere aldetik). Horrez gain, errepublikazaleak ere baziren eta gizarte aldaketek eragindako indar berriak azaldu ziren: sozialistak, alde batetik, jeltzaleak bestetik.
Hori dena esan eta gero, pentsa liteke Espainiako Errestaurazioa sistema demokratikoa zela. Bada, hala orduan nola XX. mendearen hasieran, demokraziaren bandera astinduta ere, ezta hurrik eman ere. Monarkia parlamentario hartan hauteskundeak egiten zituzten, bai, ugari, baina antzerki izena egokiago jantziko lukete ekitaldi haiek, oso urrun baitzeuden herritarrek libreki aukeratzeko eskubidetik. Batetik, bozka emateko eskubidea oso murritza zen (emakume guztiek ezin eta hasieran gizonezko askok ere ez). Bestetik, jauntxoek hamaika trikimailu eta amarru erabiltzen zituzten emaitzak haien aldera ekartzeko. Eta ekarri egiten zituzten. Batzuetan, lotsa barik.
Hala ere, gizartean indar berriak garatu ziren eta hazterakoan ez zeukaten jauntxokeriari aurre egitea beste biderik. Horietakoak izan ziren sozialistak eta jeltzaleak. Lekua egin behar zuten. Zeregin horretan 1911 urte erabakigarria izan zen Deustuan. Jauntxokeriaren aurkako borroka puri-purian zegoen, Bermeon batez ere (ikus Mikel Aizpuruaren 'Eta tiro baltzari' liburu interesgarria), eta Deustua laster lotu zitzaion.
Jauntxo handiak: Ibarratarrak
Garai hartan herria zerabiltenak Bizkaian ere itzal handikoak ziren: Tomas Zubiria Ibarra eta Fernando Ibarra Revilla. Industrializazioaren ondorioz aberastutako oligarkia berriko kide nabarmenak ziren, hamaika administrazio kontseiluko kide eta buru, eta Deustuarekin lotura estuak zeuzkaten. Ez ahaztu gaur egungo Sarrikoko parkea Zubiriatarren Goieder jauregia eta etxaldea izan zela.
Garai hartan Fernando Ibarra zen Bizkaiko Mauraren aldekoen buruzagirik ezagunena. Biak ala biak, besteak beste, diputatu aritu ziren Espainiako Gorteetan. El Pueblo Vasco egunkaria sortu zuten haien politikari babesa emateko. Espainiako monarkiari egindako zerbitzuen sari gisa, Alfontso XIII.ak noble titulu bana aitortu zien: Tomas konde egin zuen; Fernando, ostera, markes.
Don Lino eta Sigarrobat
Edozelan be, haiek ez ziren herrian aurpegia ematen zutenak. Hura konfiantzako mandatarien zeregina zen. Garaiko prentsan oso nabarmen agertu ziren haien izenak. Gaurko historialari batzuek 'agente electoral' gisa definitu dituzte. Jauntxo txikiak ziren. Batetik, don Lino, Lino Martinez, abadea eta, garai hartan, ardo-saltzailea (apaizgotik aparte eduki zuten urte batzuetan, zigortuta). 1911ko udan berriro izendatu zuten Deustuko Done Peri elizako koadjutore baina azkenean Elizak atzera egin zuen eta kargutik kendu zuen.
Bestetik, ezizenez besterik ezagutzen ez ditugun beste batzuk: Sigarrobat (Borja Sarrionandiak La II República y la Guerra Civil en Deustu liburuan Prudencio Eguzkitza zinegotzia zela iradoki zuen) eta Pidopalabra. Horiek gobernatu zituzten Deustuko udaleko kontuak XX. mendearen hasieran Zubiria eta Ibarraren aginduetara eta, jakina, haien mesedetan.
Zelan egin zuten? Kazikismoak pizgarriak eta presioak erabiltzen ditu jendea bere alde ekartzeko. Pizgarri izan daitezke, adibidez, ugazabek eta lurjabeek haien langile eta maizterrekiko portaera hobetzea, administrazioarekiko harremanetan inoiz laguntzea, bestelako kontuetan babestea... Baina XX. mendearen hasieran itzal hori ez zen nahikoa izaten eta kapitalismoaren aroko pizgarririk handiena erabili behar izaten zuten. El Liberalen 1910ean argitaratu zutenez, aurreko hauteskunde bezperan Bilboko kontserbadoreak dirutza eraman zuten Deustura garaipena bermatzeko. 1911n, berriz, egunkari horretan bertan idatzi zutenez, “elizate honetan alde aurretik jakiten da bozka zegan egongo den”.
Bestelako bidea presioak eta beldurra ziren. Horretatik ere erabili ei zuten, barra-barra. Adibidez, behin hauteskunde bezperan oposizioko kideak atxilotzeko agindua eman ei zuten. El Liberaleko korrespontsalak idatzi zuenez, 1910ean Elorrietako familia batzuen umeak La Salle ikastetxetik egotzi zituzten ezkertiarren semeak zirelako. Erabaki haren atzetik Don Linoren eskua ikusi zuten.
Horiek guztiak ez zitzaizkien nahikoa izan Deustuan 1911ko azaroaren 12an.