Aurreko hilean aurreratu genuen bezala, Euzkadi egunkariko euskarazko atala Ebaristo Bustintza Kirikiñoren aginduetara zegoen eta bertan hasi ziren herrietako berriak argitaratzen 1913tik aurrera. 1915eko apirilaren 26an Begoña agertu zen. Herriaren izenaren azpian, albiste parrastada bat, baina aurretik, egilearen ondoko ohar hau: “Kirikiño : Ikusirik geroago ta idatzi geiago datozela Euzkadi’n errietatik, otu yat neuri bere noz edo noz bat bidaltzia, zeuk gura dozun legez, pilosopijak itxi ta izparrak ziatz ezarririk. Azketsi erderakada edo barbarismo ipinten doazenak, euzkerarik ez dot izparringijan baño irakurri ta. Orr duaz ba izpartxo batzuk”.
Horrela hasi zuen bere kazetari karrera Begoñako Sagu-zarrek. Ikusirik gero eta gehiago idazten zutela herrietatik, hark ere Begoñako kontuak esaten idatzi behar zuen. Eta Kirikiñok nahi ei zuen bezala, filosofiak alde batera utzi eta izparrak (albisteak) zehatz ezarrita.
1915eko apirileko kronika haren ostean hamahiru topatu ditugu Euzkadiko orrialdeetan, denak Sagu-zar ezizenaz sinatuta. Gehiago be izan litezke, tamalez ezin izan dugulako bilaketa oso-osorik eta zehatz-mehatz egin. Azkena 1918ko maiatzaren 18ko egunkarian azaldu zaigu. Beraz, gutxienez hiru urte luze egin zituen Sagu-zarrek tarteka-marteka Begoñako kontuen kronikari.
Bitarte horretan denetarik idatzi zuen, dotore gainera. Euskara polita zerabilen, bizkaiera, eta lantzean behin beste euskalkietako berbak erabili zituen: zuten, dio, izlari, ostirala... Horrez gain, garai hartan Bizkaian ia derrigorra zen bezala, Sabino Aranak sortutako neologismo andana tartekatu zuen, batez ere elizako kontuetarako: txadon (eliza), txonitz (sermoi), jaupa (meza) jaupari (abade)... Izenak be, sabindar erara eman ohi zituen: Etxebarria'tar Bonipagi, Gardeazabal'tar Mikel...
Otxarkoaga eta Bolueta
Hamalau kronika haiek Begoñaren izenburuan agertu ziren (normala zen beti herriaren izena goiburu gisa erabiltzea Euzkadiko euskal atalean) baina batzuetan Begoña baino lehen beste izen batzuk agertu ziren: Otxarkoaga (hiru bider) eta Bolueta. Sagu-zarren kroniketan batez ere Begoñako baserri aldea agertu zen eta hura, sasoi hartan, Santutxun hasi eta Bolueta, Artxanda eta Arbolantxaraino heltzen zen. Ematen du eremu zabal hori izendatzeko erabiltzen zuela Otxarkoaga.
Hain zuzen ere, Otxarkoagaren izenburupean argitaratu zuen inguru horretan argi elektrikoak (tximist-argiak) paratu zituzteneko albistea: “Emeko estartak oingoan majo lotu dira gaberako, ba Udalak erabagi eban legez, tximist-argiak ipiñi dabez Txurdinaga ta Matalobos'tik Losoñora'ko bidetan. Onen gainera Artalandio deritxon trokaldian Udalak egin daben garbitegia edo lavaderoa ta Larrakotxe'ko iturri barriagaz len ain aiztuta egon zan erri-alde aunek asko irabazi dau” (1916/03/18).
Albisteei erreparatuta, sarritan eman zuen ezkontza, gaixoaldi, jaiotza, heriotza, joan-etorri eta istripuen berri. Berrietan aipatzen zituen pertsonak haren adiskide izanez gero, esan egiten zuen Sagu-zarrek: “Aspaldi onetan, otzikera batek artuta oyan egon da makal gure auzokide maite Goiri'tar Pantzeska, ta egunokaz dirudi sendotuten asi dala, oya itxita. Poztuten gara” (1916/06/19).
Baserritarrak
Beste atal garrantzitsu bat Begoñako luginen (baserritarren) gorabeherei lotuta egon zen, batez ere San Isidro (Deun Ixidor) eguneko jai handia. Urtero-urtero kronika luze eta zehatzak plazaratu zituen jai egunaren berri emanez eta 1916an santuaren irudia egiteko dirua batzeko kanpaina ere kontatu zuen. Baserritarren Ermandadea Lugiñ Batza zen.
Baserri giroko berriekin segiturik, behin asto baten eta txerri baten arteko borrokaldiaren kronika ere idatzi zuen, xehetasun guztiekin. Otxarkoagako zelai baten gertatu zen eta txerria atera ei zen garaile.