1912ko urriaren 6a. Deustuko batzoki berria zabaldu zuten eguna.
Argazkia: Nikol Viar (Txema Luzuriagaren bilduma)
Aurreko atalean agertu genuen bezala, XX. mendearen hasieran Zubiria-Ibarra familiaren aginduetara jarduten zuten bizpahiru jauntxoen eskuetan zegoen Deustua. Espainiako Errestaurazioa sistema ustela zen, goitik behera, eta hauteskundeetan hatsa nardagarria izaten zen. Sasoi hartan dirua izaten zen bozak lortzeko gakoa, erosi egiten zituzten eta.
Udalak erakunde giltzarriak ziren. Jauntxo handientzat (Ibarra eta Zubiriarentzat, alegia) haien itzal politikoa eta jarduera ekonomikoa bermatzeko tresna egokiak zirelako. Haien agindupekoentzat (Don Lino, Sigarrobat edo Pidopalabra gisako jauntxo txikientzat) udal erabakiak haien aldera ekarrita negozioa egiten zutelako.
1911ko hauteskundeak ez zetozen ohi bezala. El Liberal egunkariko korrespontsalak urriaren 26ko kronikan atera zuen hotsa: kontserbadoreek ez zuten dirurik emango, “y digo que no habrá cuartitos, porque los futuros candidatos, los descendientes de Sigarrobat y Compañía, se niegan a hacer gasto alguno... ¿Triunfarán los caciques? ¿Triunfarán los causantes de la ruina de este pueblo?”. Larri eta artega, Don Linok buru belarri jardun ei zuen hauteskundeak irabazteko diru bila. Zeren, bozetan gailendu ezean, agerian geldituko baitzen udal zergetan zegoen 30.000 pezetako zuloa. Horregatik ei zebilen Don Lino arduraturik, “acostumbrado a mangonear las elecciones, siempre a fuerza de dinero”.
Emaitzak
Udal hauteskundeetan ez zuten udalbatza osoa aukeratzen, zati bat baino. Kasu honetan, bost zinegotzi. Hiru hautagaitza azaldu ziren: Ibarratarrek babestutakoa (kontserbadoreak), jelkideak eta demokratak (errepublikazaleak, sozialistak...). Emaitza estuak atera ziren bozetatik, baina abertzaleak nagusitu ziren: hiru zinegotzi jeltzale (Migel Agirre, Jose Olabe eta Eugenio Olabarrieta) eta bi kontserbadore (Tomas Eguzkitza eta Sebastian Uribarri).
El Liberaleko korrespontsalaren poza hurrengo kronikan! Jauntxoak galtzaile! “El palo que los bizcaitarras han pegado a los conservadores en las elecciones del pasado domingo, y del cual todavía se está rascando el excoadjutor Don Lino, ha puesto en grave aprieto a este electorero dómine y los Sigarrobat, Pido-palabra y demás caciquillos de aldea que le siguen”.
Emaitzen ondorioz, kontserbadoreek eta jelkideek bosna zinegotzi zeukaten -Bartolome Letona katoliko independentea jelkideekin lerrokatu zen- eta demokratek, bat, Oscar Fernandez Urrutia. 1912ko alkatea urtebarri egunean aukeratu behar zuten. Zer irabazi eta zer galdu asko zegoenez, alderdiak bizkor mugitu ziren. Hilaren 14an zinegotzi jeltzaleek agiria sinatu zuten: ohorezko berba eman zuten alkaterako Bartolome Letonaren alde bozkatu behar zutela.
Don Linorenek, ostera, bestela jokatu zuten. Haien bost zinegotziak seguruak zirelakoan, falta zitzaienaren bila hasi ziren. Lehenengo Pedro Urreta jeltzalearekin bildu ziren, Bilboko Café del Comercion, Prudencio Eguzkitza, Gregorio Baskaran eta Deustuko abade bi (Roman eta Elio Bidaurrazaga). Urretari eskaintza egin zioten baina ezetz erantzun zien. Ondoren Oscar Fernandezengana jo zuten. Honek lehenengo baldintza gisa jarri zuen bera izan behar zuela alkate, zinegotzi bakarra izan arren. Ez zioten onartu.
Hurrengo asteetan batzar asko egin zituzten batzuek eta besteek falta zitzaien boza lortzeko. Oscar Fernandez errepublikazalea izan arren, ez zuen jarrera argitu, nork gehiago eskaini begira balego bezala. Susmoak urtebarri egunean areagotu ziren: alkatea izendatzeko bozketan bosna egin zuten jelkideek eta kontserbadoreek. Oscar Fernandezek ez zuen inor babestu.
Judas Urreta
Urtarrilaren 5eko iluntzean berriro batu zen Deustuko udalbatza alkatea izendatzeko. Egun horretan bertan Pedro Urreta jelkideak gutuna bidali zion Bizkai Buru Batzarrari alderdia utzi behar zuela esanez. Bozketa eginda, Urreta bera atera zen alkate, kontserbadoreen bozei esker. Ondoren, irain artean irten zen udaletxetik. Giroa gori-gori zegoenez, txapelokerrak jarri zituzten gau eta egun Urretaren etxea zaintzen. Bitxia kontua, Urretarenean baitzegoen sasoi hartan Deustuko batzokia!
Hurrengo egunetan Deustuan hamaika pintada agertu zen ondoko lelo honekin: Judas Urreta, 4.000 pezeta. Hori baitzen, jelkideen ustez, Urretari agindu zioten dirua traizioa egitearen truke.
Kontserbadoreek eutsi egin zioten, beraz, Deustuko Udalari, hauteskundeak galduta ere. Baina sistema jota zegoen. 1917an jeltzaleak ziren Deustuko hamahiru zinegotzietatik bederatzi. Harrez gero alkateak jeltzaleak izan ziren harik eta Primo de Riverak diktadura ezarri zuen arte (1924). Azken ohar bat: 1918an kontserbadoreek mitina egin zuten Deustuko udal jeltzalearen politikaren aurka. Hizlari, Botikazarreko enpresari bat eta... Oscar Fernandez, zazpi urte lehenagoko errepublikazalea.