Boluetako Santa Ana ermita, ospakizun egun batean. Argazkia: Luis Briñas eskolaren bilduma.
Saguzar ezizeneko kronikariak batez ere hileta, gaixoaldi, ezkontza, istripu eta antzeko gertakarien berri eman zuen Euzkadi egunkarian, garai hartan ohikoa zen legez. Noizik behin, bestelako gaiak ere jorratu zituen. Gehienak baserri giroko kontuak izan ziren arren (askotan, Lugiñen Batzari, alegia, baserritarren ermandadeari lotutakoak) tarteka-marteka arlo berriagoetan ere kiku bat edo beste egin zuen Saguzarrek.
Aho bete haginekin lotu gara, esate baterako, Santutxu futbol taldeak 1916ko apirilaren 30ean jokatu zuen partidaren kronika ikustean. Zehaztu dezagun Santutxuko bigarren ekipoak (ordezkoenak) Bilboko Irrintziren bigarrenaren aurka jokatu zuela. Honela kontatu zuen Saguzarrek: “Kirola.- Igaroko igandeko goxian jokatu eben Santutxu'n bertako aldra batek, Irrintzi bigarren aldreagaz. Biarr naiko egin da alde bijetatik, azkenian amaitu eben burrukea goal bat bakotxak eginda. Mendizabal, Irrintzi-ko jokolariak, alde egin eban surretako on bat artuta. Odol apur bategaz amaitu zan golpiori. Santutxuko aldrean Beaskoetxea'tar Pirmitiba ta Ibarra'tar Joseba Mirena ixan ziran nagosi lanian, ta beste aldran, Olabarria'tar Kosma, Gabiria ta Chega deitzen daben aurrezkarija”.
Irrintziko Mendizabalek sudurreko latza hartu zuen, beraz, eta partidua bana amaitu zen.
Santa Anako langileak soka-dantzan
1916an bertan, Boluetako jaien kronika argitaratu zuen Saguzarrek. Gauza jakina da bertan egon zela Santa Ana ermita eta, ondorioz, haren omenez egin izan dira urte askotan bertako jaiak, uztailaren 26an hain zuzen. Zehatz-mehatz kontatu zituen jaiegun hartako osagaiak: meza goizeko hamarretan, aurreskulari txapelketa, bazkaria, lasterketak eta bestelako jokoak arratsaldean eta erromeria. Gurean ohi den bezala, eguraldiak ez zuen lagundu: “illuntzian turmon-ots ikaragarri oztian zaparra gogor batek geyenai alde eragin eutzen”.
Edozelan be, geuri atentzioa eman diguna ondoko hau da: meza nagusiaren ostean, “aurresku eder bat egin eben Bolueta'ko burdin-ola'ko langilliak”. Gaur egun harridura eragiten digu lantegiko beharginak soka-dantzan irudikatzeak, baina orduan gauza normala izango zen, albisteak ez baitakar azalpen gehiagorik.
Saguzar nor ote zen
Zorigaitzez, oraingoz ezin dugu esan Saguzar nor izan zen. Idazkietan pistaren bat edo beste laga zuen, haren lagunak aipatu zituelako. Bestalde, urtero San Isidro eguneko prozesioan parte hartu zuenez eta nekazari giroko berriei eman zien tartea kontuan hartuta, pentsa genezake lotura estua zeukala baserriarekin. Bizi be bertan biziko zen, baserri aldean, bertakoak baitira dakartzan albiste gehienak.
Besterik ezin esan, oraingoz. Euskara ederra zerabilen Saguzarrek eta Euzkadi egunkarirako idatzi arren, ez zuen EAJrekin zuzenean lotutako konturik aipatu. Herriko kronikari gisa jokatu zuen, herrian egunerokoak lagatzen zituen kontuen berri emanez. Behin azaldu zaigu bere kroniketan politika kontu bat, baina nahikoa larria izan ei zen: 1915eko azaroko udal hauteskundeetan tiroak izan ziren Begoñan. Garai hartan gori-gori zegoen giro politikoa, jauntxokeria zela medio, eta une batzuetan tentsioak leher egin zuen. Antza denez, Begoñako gizon bat balaz zauritu zuten eta, hilaren 28an, Saguzarrek haren osasun egoeraren berri eman zuen: “Zauritua.—Gure aizkide biotzeko Ziritza’tar Lauren’i osatuyako auteskunde gaubean bernan eñeko zauritua balagaz”.