Gure Jaunaren 1560. urtean gertatu ei zen. Deustuko Frantziska Gorrio dontzeila gaztea zuhaitz tente batera igo ei zen fruta batzen (gereziak, antza denez), baina jausi eta ortua ixteko hesiko taketen kontra jo zuen. Taket haietako batek alderik alde zeharkatu ei zion gorputza. Kinka larri hartan Arantzazuko Amari erregutu ei zion esanez ba ze, sendatuz gero, santutegira joango zitzaiola erromes. Andra Mariaren babesaz indarturik, bertan zeudenei eskatu ei zien taketa gorputzetik ateratzeko. Inor ez ei zen ausartzen, neskatila atoan hil egingo zelakoan. Baina azkenean egin ei zuten eta hil barik, Frantziskaren zauria itxi eta sendatu ei zen. Emandako berba bete eta Frantziska Arantzazura joan ei zen erromes. Taketa be eraman ei zuen eta urte asko egin ei zituen hango klaustroko bazter batean, dingilizka.
Horrelakoak asko egin ei zituen Arantzazuko Amak. Baina Arantzazu Deustutik asago zegoen. Eskurago zeukaten Begoñako Andra Maria. Eta hark ere mesedeak egin ei zizkien deustuarrei, zelan ez. Esate baterako, Sebastian Galbarriarturi. 1618an Zorrotzako ontziolan beharrean ziharduen, zertan eta Nuestra Señora de Begoña galeoia egiten. Ontziko txopan zegoela, goi-goian, oreka galdu eta behera jausi zen. Hilik behar zuena salbatu egin zen eta inork ez zuen dudarik egin hura Ama Birjinaren lana izan zela. Izan ere, istripua gertatu zenean Galbarriartu Andra Mariaren irudia pintatzen ari zen, orduan ohitura baitzen ontziari izena ematen zionaren irudia barkuan margotzea.
Eta zer esan Joan Ugartekoa deustuar kapitainaren gainean? 1610ean hartu zuten preso berbereek, bere ontzi eta eskifaiarekin batera, eta esklabo gisa saldu zuten. Fez hirian eduki zuten gatibu eta gerrarako erabili. Baina halako batean ihes egitea lortu zuen eta, Begoñako Amari babesa eskatuta, mendi altuak igo, basoak eta basamortuak zeharkatu eta inor kargutu barik kristauen aldera heldu zen. Gizon librea, atzera ere.
Andre Maria, Mari ala lamiak?
Begoñako Amak egindako mirari bi horiek eta beste asko Ugaz abadeak XVII. mendean idatzitako zerrendan ageri dira. Horiek tradizio kultua dira. Mirari batzuk ahozko tradiziotik ere heldu dira gaur arte. Batean zein bestean, baina batez ere bigarrenean, antzeman daiteke Begoñako Ama (eta berdin Arantzazukoa) ez zela on hutsa. Esate baterako, harribitxiak ostu gura izan zituen hargina geldiarazi zuen eta, horren ondorioz, urkatu egin zuten. Eta mesedea egin ostean agindutako promesa betetzen ez zutenak erruki barik zigortu zituen.
Izaera anbiguoa beraz, onbera baina mendekatia, kristautasunak ezarri zuen manikeismotik urrun eta euskal mitologia zaharraren ezaugarrietatik hurbil. Mari eta lamiak, adibidez, ezpal horretakoak dira, alegia, batzuetan lagungarriak dira, beldurgarriak beste batzuetan ... Mari aipatuta, Ugazek berak jasotako mirari zerrendaren arabera, XVI. mendean harginak Begoñako Amaren harribitxiak ostu zituenean lehenengo zezenek, gero ahariek eta azkenik erraldoi batek itxi zioten bidea. Ugazek zeruaren zerbitzariak zirela azaldu zuen, baina euskal mitologian Mariren kobazuloko altxorrak zaintzeko ardura Ahari eta Zezenena da.
Anuntxi Arana ikertzailearen aburuz, kristautasunak euskal sinesmen zaharretan eragin zuen bezala, euskal mitologiak bere marka laga zuen euskal kristautasunean. Begoñako Andra Mari, alde horretatik, lamiaren izaeraz jantzitako Ama Birjina da, Aranaren iritziz. Eta Oñati aldeko elezahar baten arabera, hangoek Anbotoko Dama utzi zuten jagole hobeagoa aurkitu zutelakoan: Deustuko Frantziska Gorrio hura mesedetu zuen Arantzazuko Ama.