Errege segizioa Areatzan, Gomez de la Torreren jauregian. Losada margolariaren koadroa.
Iñaki Irigoienek sarritan nabarmendu du Bilbon eta albo-herrietan dantzak eduki zuen garrantzia. Erromeriak, soka-dantzak eta txistulariak dira esaten dugunaren erakusgarri. Tradizio sendoa izan da, duda barik, gurean. Deustuar ikertzaile berak azpimarratu ditu Espainiako errege-erreginen bisitak izan zirenean dantzagintzan egindako ahaleginak. 1828an Fernando VII eta andre Josefa Amalia Sajoniakoa Bilbo aldera etorri zirenean, besteak beste, Abandoko mutil gazteek dantza saioa egin zieten. Ohikoa zen, halaber, bertsoak ateratzea eta orduko hartan euskaraz egin zituzten (itxura denez, Bizenta Moguelek): Ongi etorri geure jauna / bizitza luze ta osasuna / opa deutsubez bizkaitarrak / zeruraino jasorik euren diadarrak.
Handik gutxira karlistada biztu zen eta zazpi urtez gure bazterrak guda zelai bihurtu ziren. Bergarako besarkadarekin (1839) gerra amaitu ondoren, Espainiako errege familiak beste bisita bat egin zuen Euskal Herrira. 1845eko abuztuak 29 zituen Isabel II gaztea eta haren segizioa Bilbon agertu zirenean. Errege bidetik etorri ziren, Bolueta, Miraflores eta Atxuritik Bilbon sartuta. Arratsaldeko bostak ziren eta, lehenengo berbaldien eta oparien ostean, errege zalgurdia eta haren segizioa, atzetik milaka lagun zituztela, Areatzaraino heldu zen. Han Gomez de la Torretarren jauregian hartu zuten ostatu, San Nikolas elizaren alboan. Balkoira atera zirenean, kanpoan, ondoko pilotalekuan jarritako oholtza gainean, gazte aldra batek dantza saioa egin zuen. Antza denez, gazte haiek Bilboko familia aberatsetako umeak ziren. Gauaz, euria zen arren, erromeria egin zuten Areatzan, txistuaren, itsuek jotako zarrabeteen eta beste soinu tresna batzuen doinuez.
Deustuarrak dantzari
Ondorengo egunetan errege familiak bisitak egin zituen, Begoñara eta Portugaletera besteak beste, harik eta irailaren 1ean berriz ere bidaiari ekin zion arte. Despedida egunean, goizeko hamarretan, jauregiaren aurrean, gazte multzo batek dantza saioa eskaini zion. Madrileko La Postdata egunkariko kronikak zehaztu zuenez, “la comparsa de baile ocupa el centro al frente de palacio y los mozos de las jurisdicciones limítrofes de Abando, Deusto y Begoña se presentan en trage blanco con fajas y boinas azules y encarnadas en alegre armonía al son de sus respectivos pitos y tamboriles”. Beraz, dantzariak Abando, Begoña eta Deustuko mutilak ziren eta multzo bakoitza bere txistulari eta atabalariarekin agertu zen. Madrileko El Español egunkarian zehaztu zutenez, berrehun txapelgorri ziren eta kalez kale ibili ziren erreginari bibaka eta “bailando zorcicos al son del tamboril”.
El Católico egunkariak ere nabarmendu zuen gazteak berrehun zirela eta errege segizioaren zalgurdiak Atxuritik gora Boluetarantz arin abiatu zirenean, “continuaron en su delantera, corriendo con la agilidad que distingue a los hombres de estas montañas a una gran distancia fuera de la población”. Dantzari txapelgorriak Boluetako Zubibarriraino joan ziren karran.
Omen ala erronka
Bilbotik Madrileko El Espectador egunkarira igorritako kronika batek, ostera, kutsu karlista eta foruzalea antzeman zien Abando, Deustuko eta Begoñako dantzari haiei. Bezperan, Campo Volantinen biba foruak! aldarria entzun zela esan ondoren, ondoko hau gehitu zuen: “hoy discurrían por las calles sobre 200 aldeanos jóvenes con voinas rojas, gritando viva Vizcaya, vivan las voinas rojas y en fin una porción de tonterías por este estilo. Delante del palacio han bailado, pues llevaban tamboril, y también ha habido vivas análogos a los anteriores”.
Dantza egin bitartean, beraz, bibaka Bizkaiari. Egia esan, giroa gori-gori zegoen. Hura ez zen bisita erraza. Sei urte lehenago Karlosen alde su eta gar borrokatu zen herria zeharkatzen ari zen Isabel IIa. Espainiako agintariak, foru erakundeetako eta herrietako ordezkariak, liberal peto-petoak eta karlista zaharrak, nork bere susmo eta errezeloak zituen. Abuztuaren 17an, Arrasaten, Narvaez jeneral ahaltsuaren aginduz, dantzariek bertan behera utzi behar izan zuten Brokel Dantza, amaierako biba foruak! oihua saihesteko. Bilbon bertan erreginaren bisitak gorabeherak izan zituen, foruen gaia ere azaldu zen eta berrehun dantzarien agerraldia, ikusi dugun bezala, erreginari omenalditzat baino gehiago indar erakustalditzat jo zuten batzuek. Gerra latzaren ondoren Hego Euskal Herriko lau herrialdeak estatu espainolean sararazi zituzten. Baina arazoa ez zegoen konponduta, ezta hurrik eman ere.