Deustuko Done Peri edo San Pedro eliza XIX. mendean.
Behin baino gehiagotan aipatu ditugu txoko honetan Bilbok albo-herrietan egin izan zituen jurisdikzio bisitak. Lege Zaharraren amaieran Deustura urtean hirutan etortzen ziren bilbotar udal kargudunak aginte makila goian zeramatela: San Bartolome egunean (abuztuak 24), San Silbestren (gabonzaharrean) eta Jaun Done Peri egunean (ekainak 29). Herriko patroia zen heinean, horixe zen mingarriena deustuarrentzat. Oraintsu argitaratu dugu Bidebarrieta aldizkarian artikulu bat bilbotar agintariek eta deustuarrek jaiegun horren inguruan egindakoak jasotzeko. Nahi duenak, eskura dauka bidebarrieta.com webgunean (aldizkariaren 25. zenbakian dago).
Hortaz, hemen atal bat besterik ez dugu aitatuko, txikia eta apala itxuraz, handia esanahiaz. XVII. mendearen erdialdean hasi zen Bilboko udal segizioa Deustuan agertzen Done Peri egunean. Garai hartan, nahikoa zuen haren ahalmena errito sakroetan lau haizetara erakustearekin. Egun hartakoak ondoko hauek ziren: lehenengo, meza nagusia baino lehen, ofrenda eman zuten herritarrek elizako atean paratutako mahaiko erretiluetan. Ondoren, hamarretan, meza nagusia. Bada, ekitaldi bi horietan Bilboko alkatea aginte makila goian ibiltzen zen ohorezko lekuan, Deustuko fielen (udal kargudunen) aurretik.
Gorabeherak eta protestak izan ziren arren, egoerak horrela iraun zuen ia ehun urtez. Baina 1720ko hamarkadan Bilboko udal agintariek erasoa jo zuten. Ofrenda batzeko mahaian Bilboko alkatea, ohorezko lekuan, Deustuko fiel biak eta Done Peri elizako diruzaina (maniobreroa) eseri ohi ziren. Bada, 1724an, Valladolideko auzitegian irabazitako agiri bat astinduz, deustuarrak mahaitik aienatu nahi izan zituzten eta haien lekuan bilbotar agintariak (erregidoreak, sindikoa eta ekitaldiaren fedea ematen zuen eskribaua) eseri.
Deustuko fielek -Domingo Izardui eta Gabriel Garrastazu- eta maniobreroak -Juan Arestik- protesta latza egin zuten. Baina bilbotarrek, tinko, deustuarrak mahaitik altxatzeko agindu. Giroa gori-gori para zen. Herri osoa zegoen inguruan, baita kanpotik jai egunera etorritako hainbat lagun ere. Eta deustuarrak ez zeuden amore emateko. Behin eta berriz agindu zieten mahaitik alde egiteko, baina deustuarrek irmo eutsi zioten haien lekuari. Egoera arriskutsua zen, eta Bilboko alkateak ez zuen larregi tenkatu nahi izan. Erdibideko aterabidea probatu zuen: “En atenzion al gran número de vezinos de dicha anteyglesia y forasteros que estubieron a la mira al acto referido devía mandar y mandó que por aora dichos señores rejidores ni fieles no ocupasen dichos puestos y asientos”. Alegia, ez Bilboko erregidoreak, ez Deustuko fielak ofrendaren mahaiaren ondoan. Bilboko alkatea, Bilboko sindikoa eta bilbotarren eskribaua baino ez. Deustuarrek ez zuten onartu. Iraingarria zen eta ez zegoen horretarako aurrekaririk. Azkenean, mahaian ez zen aldaketarik izan: Bilboko alkatea, Deustuko fielak eta elizako diruzaina.
Hamar urtez
Hura lehenengo atala baino ez zen izan. Hurrengo urteetan bilbotarrek Valladolideko gutun betearazlea astindu zuten deustuarren erresistentziaren aurka. 1731n ofrenda mahaiaren inguruan Bilboko alkatea, erregidoreak, sindikoa eta eskribaua eseri ziren. Juan Deusto elizako maniobreroak erresistentzia gogorra egin zuen eta matxinadarako deia ozen aldarrikatu zuen. Jose Ignazio Fano fielak ere protesta biziak egin zituen. Baina alferrik. Bilbotarrek legea alde zeukaten eta erabili egin zuten. Ofrenda mahaiaz jabetu eta deustuarrak bertatik aienatu zituzten.
Legezko bortxari aurre egin ezinik, deustuarrek erantzun bitxia eman zuten: ofrenda mahaiaz jabetu zirenei ofrenda kendu zieten. Ofrenda emateari utzi zioten. Ofrendarik gabe gelditu zen Done Peri eguna. Aurrerantzean ofrenda bakarra Ofrenda Domekakoa izan zen, alegia, Done Peri egunaren osteko domekakoa. Beste horrenbeste egin zuten, noiz ez dakigun arren, emakume ezkonduen aurreskuarekin, Done Peri egunetik Ofrenda Domekara aldatu zuten eta.
Prozesu luze eta gorabeheratsua izan zen. Bilbotarrak gailendu ziren eta Done Peri egunaz jabetu ziren, deustuarren kalterako. Baina ez ziren jabetu deustuarren jai egunik handienaz. Hark deustuarren eskuetan jarraitu zuen.