Ebaristo Bustintza Kirikiño euskarazko kazetaritzaren lehenengo erraldoietako bat izan zen. Aurretik bestelako proiektuetan ibili ostean (Euskalzale eta Ibaizabal astekariak, besteak beste), 1913an Euzkadi egunkari sortu berriaren euskarazko atalaren ardura hartu zuen. Behin baino gehiagotan ekarri dugu gure txoko honetara haren jarduna, Begoñako kontuak idatzi zituelako edo Saguzar Begoñako korrespontsalarekin eduki zuen harremanagatik. Oraingo honetan, ostera, bestelako arrazoi batek dakar: 1913ko maiatzaren 26an argitaratu zituen bertso zaharrak.
Egun hartan Kirikiñok Mañariko gazteen artean kantatzen ziren “bertso zarrak” eman zituen argitara, “uste izanik askorentzat barrijak izango dirala”. Horrekin egin zuen metafora, alegia, kopla edo bertso horiek ezagutzen ez dituztenentzat zaharrak berriak zirela. Gutako askorentzat ere horietako batzuk berri-berriak izango dira, zaharrak izan arren.
Lehenengo biak dira, hain justu, Begoñako errepublika zaharrari lotuta daudenak. Gomutan eduki artean Begoña herri independentea zela, bere udaletxe, alkate jaun eta gainerako osagai guztiekin. Bada, begoñar harrotasuna dario koplari:
Matzak orrija zabal
Begoña gañian
Neu bere angua naz
bai zorijonian
Begoña ez zeukan saltzeko kopla hori asmatu zuenak, ez horixe. Bigarren laukoa, ostera, txantxetan dabil. Horra hor:
Etxe txiki bat daukat
Artxanda ganian
euririk ezta sartzen
aterri danian
Ederra, beraz, Artxandako etxea. Gainerako koplek ez daukate ageriko loturarik Begoñarekin. Gehienbat umorezkoak dira eta gazteen artean ohi diren gaiak (neska-mutilak, beharrerako gogo gutxi, burlak...) jorratzen dituzte. Garai hartarako nahikoa ausarta, ondoko hau:
Jainkuak gura badau
Munduak ez arren
bijok batuko gara
ixaratxu baten
Bertokoak ote?
Bertoko kontuak aitatu arren, ezin seguru esan kopla bien jatorria Begoña aldean dagoela. Errazagoa da esatea egokitzapenak direla, ahozko tradizioan askotan gertatzen den legez. Adibidez, bigarren laukoa, Artxandako etxearena, beste leku batzuetan be ezagutzen dute, baina eszenatokia beste bat izaten da. Esate baterako, Zeanurin honela kantatzen ei zuten: Etxetxo zahar bat dago / Barazar ganean / ez yako urik sartzen / aterri danean.
Eta Begoña gainean esaten duen koplari dagokionez, egokitzapena are osoagoa da. Bertsio batzuetan ez da mahatsa -Begoñako baserrietako produktu nagusia- orria zabal duena, haltza baizik. Hemen kopla osoa: Haltzak orria zabal / Begoña ganean / asko be zabalago/ Basobaltz aldean. Mahatsa agertzen denean ere, Basobaltz azaltzen denez, leku izen garrantzitsua da. Baina Begoña aldean, guk dakigula, ez dago Basobaltz izenekorik. Basobaltz batzuk dira Bizkaian (Lezaman, Bakion, Lemoizen...) eta Gipuzkoan. Azken horretan, Basobaltz oihanetik hur Bedoña auzoa dago (Arrasate). Hura ote kopla honen jatorria? Horrela izanda ere, egokitzapena hain da osoa ezen berritzat jo genezakeen Kirikiñok emandakoa, zaharretik etorri arren.