Espainiako instituzioek, antzinatik gaur arte, begirune gutxi erakutsi izan diote euskarari eta euskaldunei. Erdeinua, ostera, behin baino gehiagotan. Eta, hala ere, kinka larrian izan direnean, ez dute arazorik izan euskara hutsez jarduteko, abertzale etnizista eta baztertzaileenek egingo luketen bezala, gaztelaniaren unibertsaltasunaren kaltetan.
1875eko urtarrilean Euskal Herria gerra betean zen. Bigarren karlistadaren suak gori-gori zeuden. Hiru urte lehenago hasi ziren mutilak mendira joaten, Don Karlosen alde. Lehenengo, Amadeo de Saboyaren monarkiaren aurka; 1873ko otsailetik aurrera, ostera, Espainiako Errepublikaren kontra. Baserritarrak eta artisauak ez zeuden gustura burgesiaren neurriko sistemarekin. Burges batzuentzat, ostera, erradikalegia zen. Gainera, foruak ezabatu eta lau herrialdeak Espainiako probintzia bihurtu zituzten. Karlistak erregearen, fedearen eta foruen banderaren atzean matxinatu ziren eta laster izan ziren lau herrialdeetan jaun eta jabe, hiriburuetan izan ezik.
1874ean Bilbo estu hartu zuten baina, setio gogorraren ostean, amore eman behar izan zuten, hiriburua ezin menderaturik. Hala ere, karlistak ia herrialde osoaren jabe ziren eta Bilboko ateetan zeuden: Artxandan, Pagasarrin… Orduan (1874ko abendua) gertatu zen gerraren norabidea aldatu zuena: Espainiako Armadak estatu-kolpea jo, errepublika deuseztatu eta monarkia ezarri zuen ostera, Isabel II.aren seme Alfontso XII errege jarrita. Alfontso gaztea 1875eko urtarrilaren 14an koroatu zuten Madrilen eta amaitu bezain pronto gerraren eszenatoki nagusira ekarri zuten: Euskal Herrira.
Hilaren 22an Azkoienen zen, Nafarroako Erriberan, eta bertatik agiria zabaldu zien Hegoaldeko euskaldunei, armak ixteko deialdiaz. Gutxi gorabehera, foruak bere horretan utziko zituela esan nahi zuen, argi esan barik badaezpada, hilabeteko epean euskal karlistek amore ematen bazuten. Hegoaldeko herritarrek jakinaren gainean jartzeko, euskaratu egin zituzten erregearen berbak.
Deustuarrei euskara hutsez
Hilaren 27an Francisco McMahon gobernadore zibilak gutuna idatzi zion Deustuko Udalari. Espainiako errege berriak emandako agiria bidali zion. Hamar ale, “traducidos al lenguage del pais”, ohiko lekuetan jartzeko eta, ahal izanez gero, inguruko herrietara helarazteko. Ez zen zeregin samurra, karlistak hurrean zeuden eta. Gutuna gorde da; ez ostera hamar ale horietako bat bera ere.
Zorionez, Deustuko alkateari ez ezik, Bilbokoari ere bidali zion egun hartan gobernadore zibilak gutuna, agiriaren sei alerekin batera. Eskutitz hura ere artxiboetan dago, eta harekin batera, sei aleetatik bi. Lerroon ondoan duzue. Herriaren hizkuntzan dago, alegia, euskara hutsez.
Egiari zor, lan handiak hartu zituzten euskaldun guztiek errege haren berben berri jakin zezaten. Izan ere, Bilbo eta Deustura heldu zen testua bizkaieraz zegoen. Baina Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboan badago beste testu bat gipuzkeraz. Alegia, lekuan lekuko euskalkiaren arabera moldatu zuten jatorrizko agiria.
Testua Antonio Cánovasek idatzi ei zuen. Helburua nabarmena zen: hirutan jarri zuten “ichi armac eta…”. Azkenekoan honela esan zuten, foruak aitatu barik aitatzeko: “ichi armac da laster euquicoitusu nire amaren demporan euqui sendusen baque da averastasuna”.
Euskaraz esan arren, ez zioten jaramonik egin errege berriari. Horregatik, abuztuan 100.000 gizonezko armada bidali zuen “probintzia errebeldeen aurka”. Garaitu ere egin zuen eta, jarraian, euskal foruak kendu.
Euskaldunen hizkuntza eskubideei dagokienez polito hasi zen Alfontso XII.a, euskaraz alegia. Tamalez, kinka larria gaindituta, lehengo lepotik burua. Euskarak baztertuta, jazarria eta mespretxatuta eman zituen hurrengo urteak, artean inoiz ez bezala, eta, hala ere, ondoren etorri zenarekin alderatuta, dezente hobeto. Besteak beste, errege berriaren administrazioak euskarazko sermoiak mugatu nahi izan zituen 1880an, eurek ulertzen ez zituztenez, karlisten aldeko mezuak zabaltzen zituztela argudiaturik.