Deustua, XVI. mendeko kronika batean

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko urr. 11a, 18:03

XVI. mendean idatzi bide zuten Ibarguen-Cachopin kronika. Bertan Bizkaiaren gaineko hamaika kontu islatu zituzten egileek. Tartean badira Deustuaren gaineko jakingarriak.

Deustua XVI. mendeko irudi batean, Abandotik ikusita.

 

Juan Iñiguez Ibarguen eskribauak eta García Fernandez Cachopin kronistaren semeak idatzi omen zituzten Ibarguen-Cachopin izenaz ezagutzen den kronikako testuak. Ez da lan amaitua, eta beste esku batzuk ere ibili ziren tartean, Ibarguenen seme bat antza denez. Edozelan be, idazlan gehiena XVI. mendearen bigarren erdialdean osatu zen. Helburua Bizkaiko historia idaztea bazen ere, hamaika ataletan barreiaturiko ohar eta kontakizunetan gelditu ziren. Gaur egun sarean daude, Julen Arriolabengoak egindako edizioari esker. Guk hori hartu dugu kontuan.

Koaderno batean Bilbo eta inguruko elizateak deskribatu zituzten egileek, labur-labur. Herrien izaera, egoera, ohiturak eta hizkuntza, batez be. Deustuaren gainean honela idatzi zuten: “A la anteiglesia de señor Sanct Pedro de Deusto se le dio a su vezindad 25 fogueras. Está este pueblo junto a Bilbao, hazia la parte de Portugalete, puesto en la ribera del río Nerbión”. Fogerak zergak ordaindu behar zituzten herritarrak zenbatzeko neurriak ziren eta adituak ez datoz bat zenbat biztanle biltzen zuen fogera bakoitzak, gehien bat denborak aurrera egin ahala kopuru hori aldatuz joan zelako. Edozelan be, alboko herriei ondoko fogera hauek zegozkien: Barakaldori 38, Abandori 29, Sondikari 18 eta Erandiori 50.

Herri ezin hobea ei zen Deustua, “de mucha fescura e muy probechoso”. Eta Bilboren parekoa zen janzkeraz, orrazkeraz eta hizkeraz: “El bascuence, ábicto y tocados de aquí es el mesmo que diximos de Bilbao”. Herri guztietan egiten ei zen euskaraz, Enkarterrietan izan ezik. Barakaldon, “hablan bascuence y romance, y el bascuence con unos acentos particulares lo pronuncian, y con un sonido diferente a los demás pueblos comarcanos. El romance hablan al modo montañés de hazia Castro de Ordiales”. Euskararen gaineko lerrook irakurtzean 'Barakaldoko kerizia, duztia da mantekia', esaera zaharra etorri zaigu burura. Bilbon be, egileen arabera, euskaraz eta erdaraz egiten zuten.

Beste koaderno batean jakingarri zehatzagoak jaso zituzten. Hasteko eta bat, “zaharrek diotenez, Sondikako elizatearen mendekoa izan zen jatorriz, “eta horregatik hamarrenak Butroeko jaunak eramaten zituen”. Ondoren, etimologia xelebrea eman zuen egileak herriaren izena azaltzeko: “Llamóse antiguamente De Busto, a causa del mucho ganado bacuno que allí se solía criar, y de allí se corronpió el dezir Deusto”. Bustok, antzina, abelgorri taldea esan nahi zuen.

 

Itsasoak jan egin ditu

Ondoren herriko etxe nagusiak aitatu zituzten: Arbietotarrak -Urduñakoen ondorengoak-, Luxarrako dorretxea -Gatikako Luxarrakoak zeuzkaten asaba-, Basabeko dorretxea, Tellaetxetarrak, Ugaztarrak... Horiek eta Deustuko beste leinu noble batzuek Gaztelako errege-erreginen zerbitzuan gogor jardun zuten, “porque solía tener 16 y aún 20 naos entre los mesmos vezinos, con que ollaban la mar y ellos mesmos, como muy buenos y leales servidores, con sus propias personas, con sus naos y sin ellas han servido muy bien”. Itsasoan egin zituzten zerbitzu itzel haiek, beraz, deustuar jaun printzipalek eta gainerako herritarrek, hogei ontzi prestaturik erregearen armadarako. Baita larrutik ordaindu ere: “y se han consumido y gastado la flor desta tierra y los ha comido la mar”. Itsasoak jan egin ditu. Hor ikusten da testu hau XVI. mendearen amaieran idatzi zela, artean Bizkaiko kostaldearen gainbehera nabarmena zelako. Hala ere, deustuarrek ekin eta ekin jarraitzen ei zuten: “y oy en día los que ay tienen su natural inclinación a seguir a sus pasados y lo hazen con las fuerzas posibles”.

Gainbeherak gainbehera, Deustuko ontziolek haien itzalari eusten zioten: “Ay en la dicha anteiglesia muy buenos astilleros y aparejos para hazer muchas naos y muy buena ribera”. Itsasadarrean ehun ontzi ere egon zitezkeen batera, “sin que la una haga perjuicio a la otra”.