Artxanda denen esku jarri zuen funikularra

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2015ko urr. 21a, 11:00

Urrian ehun urte bete dira Artxandako funikularrak lehenengo bidaia egin zuenetik. Proiektu handia izan zen, tren zerbitzua ez ezik goialdean aisialdirako instalazioak atondu zituztelako. Harrera beroa egin zioten begoñarrek eta bilbotarrek.

Funikularraren lehenengo bidaiak Novedades aldizkarian (1915eko urria).

Bilbo eta Artxandako gainaldea funikularraz lotzeko asmoak aspaldikoak ziren. Aspaldikoak eta antzuak, behin eta berriro huts egin zutelako arazo nagusia konpondu ezinaren ondorioz: bideragarritasun ekonomikoa. BERTONeko 101. zenbakian proiektu horietako bat jorratu genuen, 1902an Juan Alonso Allendek sustatu zuena alegia. Funikularra ez zuen orain dagoen trokatik egin nahi izan, apur bat mendebalderago baizik, Deustua eta Begoñaren arteko muga historikoa izan zen Arkotxa errekako trokatik hain zuzen. Espainiako Fomento ministerioaren esleipena eskuan eduki arren, proiektua bertan behera gelditu zen 1905ean, ez zuelako lortu Artxanda gainean parkea eta jatetxea egiteko lursailik. Izan ere, orube haiek pribatuak ziren eta desjabetzearen bidez eskuratu nahi izan zituen Alonsok. Jakina, ugazabek kontra egin zioten, baita irabazi ere.

Hasieratik bertatik argi eta garbi gelditu zen funikularra eta Artxanda gaineko aisialdi gune berriak lotuta zeudela. Lehenengoak bigarrenak behar zituela. Hura zen garai hartako moda: Donostian Igeldo eta Ulia mendiekin, Bartzelonan Tibidabo… Hirigune populatuetako biztanleek mendietako aire garbiak arnastu nahi zituzten… albaitinkaka igotzen nekatu barik. Orduan Bilboko Areatzatik Artxanda gainera ia ordubeteko paseoa zegoen estrata eta bideetako aldatsetan gora.

Hurrengo urteetan, ostera, Evaristo Sanmartin Larratz nafarrak eragozpenak gainditu eta proiektua abian jarri zuen, Txabarritarrek gidatutako enpresari taldearen babesaz. 1915ean Espainiako Fomento ministerioaren baimena ez ezik, Bilboko eta Begoñako Udalenak ere eskuratu zituen: funikularra egin, beheko eta goiko geltokiak atondu eta, Artxanda gainean, parkea, kasinoa eta jatetxea zabaltzeko.

Hala ere, arazoak ez ziren urri azaldu. Makinaria hemen egiteko teknologiarik ez zegoenez, Suitzako enpresa bati eskatu eta handik ekarri behar izan zuten. Horrek urtebeteko atzerapena eragin zuen. Eta, hala ere, zabaldu orduko kasinoa amaitu barik zegoen.

 

Urriaren 7tik gora eta behera

Gaur egun ezagutzen dugun bezala eraiki zuten funikularraren ibilbidea: beheko geltokitik 145 metroko tuneletik atera eta bidezubiari atxikita mendi magaleraino heldu. Harrez gero, bertatik goraino. Denetara, 0,760 km eta 227 metroko desnibela.

Lehenengo bidaia urriaren 3an egin zuten, prentsarekin. Hurrengo eguneko kronikak irakurrita, kazetariak pozarren ibili zirela esan dezakegu. Bidaia bost minututan egiten zen, bistak ederrak ziren eta, goian, jatetxea listo eta kasinoa obretan zegoen.

Kasinoa amaitu barik zegoen baina nahikoa zen lehenengo solairuan jatetxea (sukaldea eta jateko areto zabalak) aterpetzeko. Sukaldariaren izena ere aipatu zuten kazetariek: Migel Arrieta. Gainera, beste areto bat prestatu behar zuten zinema, varieté eta musika saioetarako. Kanpoaldean parkea eta kirol instalazioak jarri nahi zituzten. Diseinua Pedro Guimon arkitektoak egin zuen.

Herritarrentzat urriaren 7ko eguerdiko 12etan hasi zen beharrean funikularra. Jendetza igo zen lehenengo egun hartan, eguraldi eguzkitsua lagun. Ehun urte geroago, bertan dago, betiko lez, mendian gora tatarrez baina zoragarri.