Frankismoan ezarritako lege baten ondorioz, emakume ezkonduek oso zail eduki zuten ia 40 urtez soldatapean lanean aritzeko. Korronte ideologiko biren batuketaren emaitza izan zen hura. Alde batetik, eredu burgesak arlo publikoa eta pribatua berezi eta bigarrenean laga nahi zituen andreak: etxean nahi zituen, familia zaintzeko eta hazteko arduraz. Bestetik, katolikotasunak ezarritako genero menderakuntza, zeinaren ondorioz, emakumea beti zegoen gizonaren mende.
Subordinazio egoera hori tradizioaren izenean justifikatzen bazuten ere, ez dator bat, inondik inora, gure iraganarekin. Nobedadea zen. Zer esanik ez dago, emakume langilearen tradizioa luzea eta sendoa da. Etxean eta etxetik kanpo. Eta esaten duguna frogatzeko ez dugu Deustuko historiatik asko urrundu behar. Lege Zaharrean zein gizarte kapitalistan, andre eta neskatilek baserrietako zeregin askotan hartzen zuten parte: ereintza, jorraketa, laiaketa, artazuriketa... Nekazariak ziren, baina baita garraiolariak eta merkatariak, eurak izaten zirelako astoa hartuta edo sorkia eta otzara buruan ipinita Bilboko plazara joaten zirenak bendeja edo esnea saltzen.
Merkatari jardun zuten, halaber, Olabeagako (Deustuko Erriberako) portuko emakumeak Lege Zaharrean. Gizonak itsasoan denboraldi luzeak egiten zituztenez, andre haiek askotan bizimodua atera behar izaten zuten inorekin kontatu barik. Salerosketetan ibiltzen ziren -zapiak, oihalak...-, tabernak eta ostatuak kudeatzen zituzten eta ontzietarako hornidurak lortzen zituzten. Olabeagako Maria Josefa Lopategik handizka saltzen zuen bakailaoa 1776an.
Portuko lan gehiago ere egiten zituzten: sirgatik tiraka gabarrak Bilbora eraman eta ekarri egiten zituzten eta ontzietako zamaketa lanak ere emakumeen zeregina izan zen garai batzuetan: XIX. mendean Bilboko kargerak ospetsuak ziren, indar eta nortasun handiko emakumeak.
Kargerak langileria garaikidearen aitzindariak izan ziren. Lantegi sistema eratu aurretik emakumeak industria arlo batzuetan jarduten zuten: errotari, esate baterako, XVI. eta XVII. mendeetan aritu ziren Deustuan, errotak desagertu ziren arte. Esate baterako, 1550 urte aldean Mariotsoa Saimentes zegoen Olabeagako marea-errotan arduradun.
Etxeetan zerbitzari (otsein, kalderapeko, seinzain...) jardun zuten. Hori ezaguna da, baina eraikuntzan ez zen arraroa emakumeak lanean ikustea. Eta bestelako zereginetan ere agertu zaizkigu: ermita zaindari (freirak izan ziren Deustuko hiru ermitetan gutxienez XVIII. mendera arte), gerrillari (Bilboko Martina Ibaibarriaga ospetsuena bada ere, ez zen kasu bakarra izan), okin, ehule ... Tabako kontrabandoan ere aritzen ziren, Juana Ventura Villachica deustuarrak 1775ean egiten zuen bezala.
Mugak hausten
Gizarte burges berriak andre ezkondua etxean nahi zuen, familiaren arduraz. Baina emakume asko ez zeuden prest. Industria kapitalista garatu zenean, XIX. mendearen amaieratik aurrera, klase popularretako emakumeak lantegi jakin batzuetan aritu ziren, senarraren soldata ez baitzen nahikoa familia aurrera ateratzeko. Beharbada ezagunena Olabeagako Artiach galleta lantegia izan zen. Bertako behargin gehien-gehienak emakumeak ziren, Deustuko galletera ospetsuak. Grebak ere egiten zituzten, esate baterako 1917an ugazabak ezartzen zizkien baldintza latzak salatzeko.
Beste arlo batzuetan ere hasi ziren: eskoletan irakasle, bulego eta administrazio lanak egiten... 1933ko martxoan lau pistoladunek Bilboko Aurrezki Kutxaren Deustuko sukurtsala ostu nahi izan zutenean Esther Ametzaga zen bertako kutxazaina. Oharkabean alarma jo zuen eta lapurrak atoan atera ziren ihesi.
Bidea urrratzen joan ziren, gizarte burges berriak ezarritako mugetatik harago. Errepublikaren garaian (1931-37) Bilbo aldeko emakume batzuek politikan jarduten zuten (Polixene Trabudua, Haydeen Agirre, Dolores Ibarruri...), kazetaritzan (Juanita Mir), argazkilaritzan (Eulalia Abaitua, XIX. mendearen amaieratik)... Garai hartan lortu zuten (1933) bozkatzeko eskubidea. Bide hura, eta beste asko, 1936ko estatu kolpeak eta haren ondorioz ezarri zuten diktadura luzeak zapuztu zuten. Zeren nekez irabazitako eskubideak ez baitira behin betiko. Arrakastaz defendatu ezean, galdu egiten dira.
Irudia: albumsiglo19mendea.net