1937ko irailaren 12a. Begoñako Ama Birjina, Rociokoaz mozorroturik, Gran Vían. Argazkia: Gil de Espinar/Amado. Espainiako Liburutegi Nazionaleko funtsa.
Bilbokoa da Celina Ribechini. Zazpi bat liburu idatzi ditu, gehienak ikerketa historikoak baina baita nobela bat ere. Oraingoan ale berria plazaratu du, Retazos y pinceladas. Historia en Euskal Herria. 1931-1975. Bertan Errepublika garaia, 1936ko estatu kolpea eta ondoren etorri zen gerra luze eta zabal jaso ditu. Atal berezia eskaini dizkie frankistak Bilbon sartu osteko ospakizunei. Horietan Begoñako Ama Birjina izan zen protagonista.
Egiari zor, hasieratik bertatik erakutsi zuten faxistek Begoñarekiko grina. Eliza eta Andra Mari oso lotuta zeuden abertzaletasun kristauarekin eta hura ez zen mesedegarria Gurutzada deitzen zuten matxinatuentzat. Espainoldu behar zuten. Bilbo mendean hartu eta biharamunean, ekainaren 20an, Francisco Franco bera egon zen basilikan meza entzuten. Eta hurrengo udan, gerra gori-gori egon arren, jaiak egin zituzten Bilbon Begoñako Ama Birjina protagonista hartuta. Alde batetik, elizako bitxien lapurretaren gezurra asmatu eta lau haizetara zabaldu ostean, Andra Mariari bitxiak atzera emateko ekitaldia egin zuten. Carmen Polo -Francoren andrea- eta Jose María Areilza -garai hartan Bilboko alkatea- egon ziren orduko hartan Begoñan eta alboan eduki zuten Antonuitti kardinala, Vaticanok bidalita.
Baina hura ez zen nahikoa Begoñako Ama Birjina zikinkeria gorri-separatistaz garbitzeko. Irailean are gehiago garbitu zuten. Hilaren 8an haren irudia basilikatik atera eta Zazpi Kaleetako Done Jakue elizara eraman zuten. Hiru egun egin zituen han. Hilaren 12an atzera atera zuten, ekitaldi nagusian egon zedin: Bizkaia Jesusen Bihotzari eskaini behar zioten. Gran Víatik barrena monumenturaino eraman zuten eta han meza esan zuen Isidro Gomá kardinalak. Gurutzadaren teorikoaren alboan, Antonuitti, Orgaz jenerala eta hamaika buruzagi gehiago zeuden. Hitzaldi sutsuak egin zituzten bertatik.
Ondoren, Begoñako Andra Mariaren irudia hartu eta Diputaziora eraman zuten. Baina ez edozelan: Rocíoko Ama Birjinaren antzera jantzi zuten. Sevilla aldetik beren-beregi ekarri zituzten osagai guztiak: Rocíoko gurdia, ermandadeetako kideak, zaldiak, jantziak, musikariak ... Honela iragarri zuen La Gacetak: “La Santísima Virgen de Begoña será paseada por las calles de Bilbao en la misma forma típica y tradicional que la venerada Virgen del Rocío, o sea que la carroza que porta en los días luminosos andaluces a la Virgen sevillana servirá de asiento a nuestra Madre”. Gurditik tiraka, idi parea, “de la misma forma que sale del famoso santuario andaluz, precedida del famoso tambor y un pito”. Hori gutxi balitz, “siete parejas de jinetes con sus magníficos caballos andaluces enjaezados al estilo del país” eta “una representación de las Hermandades de Sevilla”.
Itzaina, euskaldun
Dios aprieta pero no ahoga, diote erdaraz. Euskaldunentzako zirrikitutxoa laga zuten akelarre hartan. Berriro ere La Gaceta: “Como nota simpática consignamos que se ha concedido a un vasco el puesto de boyero que ha de conducir el tiro de la carroza, prueba de la hermandad entre las regiones andaluza y vizcaina que estrecharán sus lazos espirituales en un acto tan solemne como el del próximo domingo”.
Piura horrekin bueltatu zen irudia Begoñara. Bidean, balkoien azpitik igarotzean saetak kantatu zizkioten. Begoñako Ama Birjina garbi-garbirik laga zuten. Euskalduntasunaz garbi, espainol peto-petoa.