Inkisizioak zigortutako emakumea, aztua edo aztia izatea leporatuta. Francisco Goya.
Honela hasi zen bere kontrako auzia: “El Ynquisidor Fiscal de Logroño contra Rafaela Yturriaga o Madariaga, alias Astua, por embustera supersticiosa curandera”. Salaketa horiek tarteko, hiru bider auzipetu zuten 1786 eta 1799 bitartean.
Rafaela Iturriaga Eizagirre Mendaron jaio zen 1744an. Migel Antonio Ameztoirekin ezkondu zen 1778an, Zarautzen. Badirudi herri horretan bizi izan zela Bizkaira etorri aurretik. Ondoren gehienbat Bermeon bizi izan zen: han bataiatu zituen seme bi (1779 eta 1783an) eta han ehortzi zuen senarra (1788). Bermeon bizi zen hamaika urte geroago (1799), hirugarren auzibidea abiatu zenean eta bertan hil zen 1800 urtean. Deustuan oso ezaguna zen, batez be Olabeagan (Erriberan).
Izan ere, agintariekiko arazoak Deustuan hasi zitzaizkion. Salaketa herriko andra batek -Maria Hurtadok- egin zion Domingo Muga Deustuko abadeari 1786ko apirilean: “que cómo permitía que Rafaela de Astua (cuya voz vascongada quiere decir que adivina lo olvidado) no solo hiciese muchas curas sino que estubiese adivinando a las personas que concurrían a ella a tropel, unas para saber las cosas perdidas, otras de los sugetos que navegan y otros de los que están en Yndias”. Eta hori dena modu agirian egiten ei zuen, “que las curaciones y adivinos de dicha Rafaela son tan publicos en aquella feligresia [Deustua] y especialmente en el barrio de Olaviaga que no hay quien las ignore”.
Maiorazkoa eta errenteroak
Hura ez zen baserritar eta itsasgizon kaikuen sineskeria hutsa. Maria Hurtadok kontatu zuenez, Manuel Montiano maiorazkoak eta Manuel Iarto legegizonak Rafaelaren zerbitzuak eskatu zituzten, lehenengoak gaixotasuna sendatzeko, bigarrenak jakin nahi zituenak jakiteko. Manuel Montianok berak deklaratu zuenez, Bermeora joan zen Rafaela Aztuarekin egotera. Bidelagun bere errentero bi hartu zituen, bietako bat Luzarrako Domingo Fano deustuarra. Heldu berritan, gizonak ezer esan orduko, Rafaelak asmatu egin zion Montianori bere gaixotasuna. Ostean, buruko adegiak eta bekokia ikutu zizkion, gurutzearen seinalea egin eta jarraian pattarraz, ardao zuriaz, asentsio-belarraz, erromeroaz eta beste belar batzuez egindako enplastoa jarri zion sabelean. Hurrengo egunetan ere berdin. Hobekuntza igarri zuen maiorazkoak, baina larregi be ez.
Bitartean maizterrek proba latza jarri zioten Rafaelari: galdetu zioten Bermeorako bidean zer egin zuten eta emakumeak erantzun zien ba ze geldialdia egin zutela Derioko bentan eta han errenteroek azunbre erdi bat txakolin edan zutela eta ugazabak, zalditik, ardao gorria. Gizon biak txundituta gelditu ziren, bete-betean asmatu zuelako.
Maiorazkoa ere harri eta zur bueltatu zen Bermeotik. Hamabost urte zituenean Bilbotik 70 legoara egindako gauza bat -nire konfesoreak baino ez dakiena, esan zuen- asmatu zion Rafaelak. Emaztea ere gaixo zegoela eta harengandik aparte ibiltzeko gomendatu zion eta sexu grinarik edukiz gero, beste emakume batekin larrua jotzeko, ezkondua nahiz ezkongaia. Are gehiago, bere andrea izaera petralekoa zela esan zion Montianori eta ez zuela senarra maite.
Urrutiko kontuak
Beste pertsona batzuen kontuak ere asmatu zituen: Manuel Iarto abokatuak haren aitaren ontzia eta karga zertan ziren jakin nahi zuen, Simon Goikoetxea kapitainaren alabak aitaren barkuaren gaineko berriak gura zituen eta Bilboko Francisca Andikoetxeak Cadizen zebilen senarraz galdetu zuen. Kasu guztietan, nabarmendu zuen Montianok, asmatu egin zuen. “Y los que concurren a ella con todas estas cosas son tantos que juzga por demás el citarlos”.
Beste handiki batek, Mariano Izarduik, kontatu zion ba ze Cadiztik zetorren itsasgizona Olabeagako kaian lehorreratu eta han Rafaela ikustean ahoa bete haginekin gelditu zela itsasoratu baino lehentxeago Cadizen bertan limosna eman ziolako.
Aztuari esker topatutako gauzen artean dago Berangoko Simon Otsandategi abadearen diru-poltsa (3.000 erreal). Osatu ere lagun asko osatu zituen. Josefa Lopategiren etxean egondako kapitain eri bat, berbarako, zazpi egunetan sendatu ei zuen.
Batzuetan Rafaela Iturriagak dirua hartzen zien mesede eske etortzen zitzaizkionei eta esan egiten zien San Antoniori eta Karmengo Amari kandelak izetuko zizkiela zeregin hartan laguntzeko. Urrun zeudenen berri emateaz gain, batzuetan zurrumurru faltsuen iturburuak ere aipatzen zituen. Esate baterako, Josefa Rivera beldurrak airean joan zitzaion senarraren ontzia Holandatik bueltan hondoratu zela entzun zuelako. Rafaelak lasaitu egin zuen, ontzia eta eskifaia ondo zeudela esanda. Horrela zen. Eta gainera, abisua eman zion: “que alguna mujer que la quería mal lo había lebantado [zurrumurrua] por darla que sentir”.
Arrakasten ospea zabaldu zen eta, esan bezala, agintariek jazarri egin zuten. Orain arteko kontuak 1786ko ikerketan jasotako deklarazioak dira. Korrejidoreak hamar urterako bidali nahi zuen galeretara, baina azkenean ez zuen zigortu. Inkisizioaren auzitegiak 1786ko uztailaren 29an eman zuen lehen epaia: espetxe sekretuetara -alegia, prebentiboetara- bidali behin betiko auzia egin arte. Hala ere, ebazpen hura bertan behera gelditu zen... 1790ko uztailaren 19ra arte.